Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Aliatu berrien bila

Euskarak aliatu berriak behar dituela baieztatu zuen Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneak Iruñean antolatu zuen "Gero eta aldeko gehiago" izeneko jardunaldian. Hiru urtean zehar egindako ikerketaren berri eman zen bertan, gerora zenbait hedabidetan ikusi ahal izan duguna. Nafarroako euskaltzale askoren kezkak eta egoeraren konplexutasuna biluzik geratu ziren, ahoan bilorik gabe, egoeraren gordina nabarmenduz: Euskarari buruzko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, nafarren %37 euskara gehiago sustatzearen kontra dago, %33k ez du iritzi argirik eta beste %30 sustatzearen alde ageri da. Esan dezadan beste modu batera, larritasunaz hobeto jabetzeko: hiru nafarretatik bat euskarari inolako laguntzarik ematearen kontra agertzen da, beste bati berdin dio zer gertatzen den euskararekin eta alde dagoen herena espazio geografiko jakin batzuetan metatuta dago. EAEn bizi garen euskaltzaleoi ulergaitza egiten zaigu. Etsigarria ere bai, esango nuke nik.

Nafarroako Topaguneak, ordea, ez dio lekurik utzi etsipenari. Nola eman buelta egoerari? Horixe izan da ikerketaren pizgarria, ikusita 2015etik hona apurka-apurka haziz doala euskararen zabalpenaz mesfidati direnen kopurua. Eta gogoeta partekatu askoren ostean, horra hor ondorioa: nekez lor daiteke euskaltzaleek bezala pentsatzen ez dutenen aldekotasuna, jende horrengana hurbildu ezean. Hartarako, helburu argi bat jarri diote euren buruari: indiferente ageri den heren hori bereganatzea, euskararen aliatu bihurtzea, alegia. Baina hori ez da izango posible haiei entzun gabe: eman eta jaso egin behar da, Topagunearen hitzak erabilita. Dikotomia antzuetatik harago, ezinbestekoa da mota askotako aniztasuna kontuan hartzea, bizikidetza eta demokrazia ildo diskurtsibo berriaren osagaitzat hartuta. Parametro horietan kokatu nahi dute euskararen inguruko eztabaida, hots, nafar gizarte modernoak dituen ezaugarrietara moldatuz. Zoriondu baino ez zaigu geratzen, nafar euskaltzaleek erakutsi duten ausardia eta kemenarengatik.

Recherche