Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Bizimodua moteldu

Ez digute irakatsi lasaitasuna, isiltasuna eta bakardadea maitatzen. Gizaki hiperaktiboak eta denboraren esklaboak gara.

Pandemiaren hasierako aste ilun haietan idazki barregarri bat ibili zen bolo-bolo telefono batetik bestera jauzika. Bertan gizon batek, etxetik irten ezinda, harridura adierazten zuen emaztearekin bost minutuz berbaz egon ondoren... hara! Oso sinpatikoa iruditu zitzaiolako. Egile anonimoak, nola ez, burla egiten zien gaur egun ditugun ohitura eskasei, elkarri entzuteko gaitasuna erdi galduta baitago, geldirik egotekoa bezalaxe, eta biak daude harremanetan. Horiek berpizteko parada eman zuen konfinamenduak. Hitzordurik ez. Alarmarik ez. Denboraren jabe izan ginen, une batez. Eta otorduak luzeago bihurtu ziren.

Bada, horrenbeste antsietate, neke eta beldur eragin dituen pandemia malapartatuak izan du gauza onik. Planetaren zati bat (gurea, aberatsena) gelditu egin zen. Gure ohituren kontra, zeren jaiotzen garenetik entzuten baitugu ezinbestekoa dela mugitzea, eragitea. Kapitalismoaren filosofiak eta horrekin kritikoa den ezkerrak bat egin dute ideia horretan: gizaki ideala gizaki aktiboa da. Mugimendua sustatu behar da eskolaurretik bertatik eta ume aktiboak sortu. Gaztaroan, geldirik egotea otzantasunarekin parekatzen da eta, behin lanean hasita, aisialdian ere ahalik eta gehien mugitu behar dugu geure atsedenari esangura aurkitzeko. Azkenaldi honetan, zahartzaro aktiboaz ere hitz egiten dugu! Alta, «slow life» (bizimodu geldoa) delako ikusmoldea modan jarri da Ekialdeko espiritualtasunaren eraginez: utzi lasterketa egiteari, moteldu autoaren abiadura, mantsotu kozinatzeko modua eta gozatu harreman sexualez etekin arinik bilatu gabe.

Nekez errotuko da pentsamendu hori gure artean, sukaldaritzari dagokiona izan ezik. Beste arlo batzuei arrakasta txikia aurreikusten diet. Ez digute irakatsi lasaitasuna, isiltasuna eta bakardadea maitatzen. Gizaki hiperaktibo eta denboraren esklaboak gara. Idazki anonimoko gizonak bezalaxe, ez diogu elkarri entzuten, zarataren menpeko garelako, eta sare sozialei darien gorrotoa da isla nabarmena. Neure buruari galdetzen diot nolako mamua topatuko ote genukeen geure baitan, kapaz izango bagina geldirik egoteko.

Recherche