Zutitzen da bat eta bere burua aurkezten du: «Ni Petra naiz eta demokrazian sinesten dut». Eta mota askotako adikzioak dituen talde bateko kideek aho batez erantzuten diote, amultsuki: «Kaixo, Petra. Maite zaitugu». Eta emakumeak, herabe jendaurrean hitz egitera, adierazten du nola jausi zen menpekotasun horretan. Demokrazian sinesten dudala esaten dudan aldiro, Petra hori naiz ni, adikzioren bat aitortzeko lotsa sentitzen duen gaixoa, hain izan da makurra demokraziaren aurpegia gure artean.
Demokraziaren oinarria gizakion eskubide berdintasuna eta elkarrenganako begirunea omen dira. Eta harago joanda, elkarren ondoan ez ezik, elkarrekin bizitzeko gutxieneko adostasunak bilatzea litzateke demokraziaren funtsa. Orduxean esaten da demokrazia indartsu dagoela. Bada, larri zaurituta ikusten dut demokrazia, birus malapartatua dela medio. Eta harrigarriena da ikusmolde ideologiko antzetsu batetik abiatzen garenon artean nabari daitekeen errotiko ezadostasuna. Adibide anekdotiko bat ipiniko dut: abenduaren 23an, kalean maskara erabiltzeko bete beharraren inguruan bineta bana agertu zen gogoko ditudan euskal egunkari bietan. Zugazartek iradokitzen zuen Urkulluren burugogorkeriaren ondorio hutsa zela neurria. Zaldieroak, aldiz, burla egiten zion neurriaren kontra agertzen ziren ardo edale biren arteko elkarrizketari, tartean birusa alaiki mugitzen zelarik. Nola da posible horren ezberdin ikustea neurri sinple-sinple bat? Horixe da demokrazia, esan zidan lehengoan lagun batek, nork bere iritzia askatasunez azaldu ahal izatea. Tristea da demokrazia horretara mugatzea, ikuspegi liberal hutsa baita eta nik neuk, behintzat, hori baino gehiago eskatzen diot demokraziari. Bestela, zer dela-eta hitz egiten dugu gizarte komunitario batez?
Aztikerrek ikerketa egingo balu, ez dakit zer nota aterako genukeen euskal herritarrok. Politikariena herenegun jakin genuen. Honezkero, jarrera indibidualak eta politikoak gotortuta daude eta giroa ozpinduta. Nire iritzia ere ez dago salbuetsita. Beraz, zin egin diot neure buruari ez dudala berriro gai honetaz eztabaidatuko. C’est fini.
Demokrazia gaixoa
Honezkero, jarrera indibidualak eta politikoak gotortuta daude eta giroa ozpinduta. Nire iritzia ere ez dago salbuetsita.
