«Ni astero hiltzen naiz», esan zuen lehengo batean musikari batek irratian, hipokondriako hutsa zela adierazi guran. Haren atsekabean lagun sentitu nintzen, nahiz eta barre algara ere eragin zidan, ez baita ohikoena norbere heriotzaz edo heriotzari diogun beldurraz txantxetan ibiltzea. Baina nork ez dio barre egin Woody Allenen hipokondriari, adibidez? Gaixotasun horren oinarria, hain zuzen, gaixorik egoteari beldurra izatea da. Beldur irrazionala, esaten dutenez. Jakin beharko litzateke noiz den “arrazionala” beldurra. Edozein kasutan, gaixorik egotearen beldur gara heriotzari beldur diogulako. Eta kito. Hori da nire ustea. Hurrengo galdera, ezinbestean, honakoa da: zergatik diogu beldur heriotzari? Maite dugun jendea hiltzean sentitzen duguna ulertzen dut eta sentitu dut. Hori tristura da; ez da beldurra. Baina norberarena zelan azaldu? Bizi-sena dela esan ohi da. Ez dut oso argi.
Itxura denez, antzinako gizarteetan errazago onartzen zen hiltzeko unea. Akiturik, orojakile, bizitzaz ase, gizakia lasai babesten zen heriotzaren altzoan. Baina arrazionaltasun modernoarekin batera, hil beharra zeharo ulergaitza zaigu, hain dira zabalak ortzi-mugan aurreikusten ditugun erronkak, aurkikuntzak, aldaketak… bakarrik ote gaude unibertsoan? Asko kostatzen zaigu onartzea kristautasunak, adibidez, erraz helarazten duen mezua, bizitza iraganbidea dela, alegia. Xabier Leteren “Jardin bat zuretzat” kanta hunkigarrian sentimendu hori islatzen da. Ez da oso alaia.
Agnostizismoak ez digu lasaitasunik ekarri; areagotu baino ez du egin hil beharrak eragiten digun ezinegona. Eta erlijiozko erritualen faltan, zehaztuta uzten dugu gure gorpuarekin zer egin dadin nahi dugun, hil osteko bizitza moduko bat ziurtatu nahian edo. Baina nor gogoratuko da gutaz, herritar xumeoz, hemendik ehun urtera? Agnostikook onartu beharko genuke saihetsezina dena, heriotzari beldur izateak beldurrez bizitzea eragiten du eta. Beraz, zergatik ez begiratu heriotzari aurpegira? Hitz egin dezagun beldurra ematen digun horretaz. Antidotorik onena omen da, psikologoak esaten didanez.
Hil beharra
Itxura denez, antzinako gizarteetan errazago onartzen zen hiltzeko unea. Akiturik, orojakile, bizitzaz ase, gizakia lasai babesten zen heriotzaren altzoan
