Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

«Ona dozu?»

Ezagun da gizateriaren historian zehar haurrak ez direla ikusi modu berean. Haurtzaroa, berez, kontzeptu sozial berri samarra da. Marxek berak, adibidez, ontzat hartzen zuen hamar urteko umeek lan egitea. Hots, ez zegoen muga zurrunik haurren eta helduen artean eta nahasirik bizi ziren, etxean edo lantokian. Denbora aurrera joan ahala, apurka-apurka, haurra babestu beharreko altxor bihurtu da gure gizartean. Pederastia, ziurrenik, imajinario kolektiboaren barruan delitu gaitzesgarrienetakoa izango da. Badakigu, ordea, Grezia klasikoan gizonezkoen arteko pederastia eta homosexualitatea ohiko praktikak zirela, guztiz onartuak.

Haurra izatea aldatzearekin batera aldatu da ama eta aita izatea. Gogoan daukat ingeles irakasleak galdetu ziola behin nire ikaskide gizonezko bati zer egingo zukeen bere seme-alaben alde, eta zalantza izpirik gabe erantzun zuela bizitza ere emango zuela behar izanez gero. Aitortzen dut apur bat harritu ninduela erantzun irmoak. Artean ez nuen seme-alabarik eta kostatu egiten zitzaidan guraso baten lekuan jartzea. Orain ulertzen dut. Hala ere, sarritan pentsatzen dut gehiegi babesten ditugula seme-alabak eta ez diegula uzten helduarora heltzen, gure habia emozionalaz eta materialaz urrezko presondegia eraiki baitugu haientzat. Peter Pan asko hezten ari gara, tamalez. Eta kontu horretan berdin jokatzen dute gizonek nahiz emakumeek. 

Baina testuinguru berrian agian gehien aldatu dena amaren rola da. Mutur biak aurki ditzakegu. Batetik, amatasun erromantizatua, seme-alabak munduko gauza eta pertsona guztien gainean ipintzen dituena, norbere errealizazio pertsonalaren islatzat ere hartzen duena; eta, bestetik, erditze osteko depresioaz hitz egiten duena, amatasunaren eta ibilbide profesionalaren arteko talkaz, haur berriak dakarren ehunka galeraz eta oztopoz... Ama izatea zoragarria eta etsigarria da emakume askorentzat. Nire herriko andreek galdera hau egiten zidaten maiz alaba jaioberria zela: «Ona dozu»? Agerikoa zen zaintzaren zama astunari beldurra.

Recherche