Munduaren amaiera irudikatzen omen zuen Ezekiel profetak hainbat metafora erabiliz. Eta "Ezekielen Prophezia" abesten zuen Itoiz taldeak, Ruper Ordorikak ederki berreskuratua. Profezia mesianiko horietako batean, Ezekielek iragartzen zuen ura Jerusalemdik Itsaso Hilera isuriko zela eta ur haiek arrainez beteko zirela «euri zitalari esker». Izenburu horixe bera jarri dio Itxaro Bordak bere azken eleberriari, kantari keinu bat eginez. Baina zergatik deitu «zitala» Itsaso Hila itsaso bizia bihurtuko zuen euriari? Nire ezjakintasunak bidea eman dit politikaren izaerari buruz hitz egiteko, zitala baita tarteka eta saihetsezina beti.
Orain urte mordoxka bat, ezkertiarrok arazo guztiak politikoak zirela aldarrikatzen genuen. Abortua edo langile greba bat. Auzi batek duintasuna irabazten zuen izaera politikoa onartzen zitzaion neurrian. Paradoxikoki, gaur egun ez dago modu eraginkorragorik gai bat deslegitimatzeko hura politikoa dela esatea baino, hain galdu du arlo politikoak zilegitasuna eta herritarren atxikimendua. «Politikari guztiak berdinak dira» ohiko esaldiak ederto laburtzen du pentsamendu hori. Politikaren desafekzioaz hitz egiten da: herritarrak ez dira fidatzen arlo politikoan dihardutenez, eurek aukeratu dituzten arren.
Hala ere, politikaren itzuleraz ere hitz egiten du zenbaitek, ezkerreko populismoak botere politikoaren kudeaketarako prestasuna adierazi duen neurrian. Eta ez zait iruditzen baieztapen hutsala. Max Weber soziologoak, adibidez, estatuaren norabidean eragiteko jardun gisa deskribatu zuen politika. Argiago ezin zitekeen esan. Bada, politikaz hitz egitea estatuaren kudeaketaz hitz egitea da eta balizko euskal estatua irudikatzeak estatu egitura osatzen duten instituzio guztiez hitz egitea dakar, ezinbestean. Haren bila joateko jardun politikoak gogoko ez ditugun aliantzak gauzatzera eraman gaitzake, esate baterako. Horregatik dira aliantzak. Kontraesanez beteriko bide malkartsua izango da, ziurrenik, estatua ez baita paradisua, etengabe hobetzeko erronkari ekin arren. Eta, besteak beste, politika zitalari esker lortuko da.
Politika zitalari esker
Max Weber soziologoak estatuaren norabidean eragiteko jardun gisa deskribatu zuen politika. Argiago ezin zitekeen esan.
