Txoli Mateos
Txoli Mateos
Soziologoa

Simone Veil

Zapore gazi-gozoa utzi zidan ikustaldiak. Labur eta gordin esango dut: oso frantsesa iruditu zitzaidan.

Bero sapa eta jendez mukuru. Landa berdeak eta ikusleen aurpegietan izerdia begien bistan, hasi zen aurtengo pastorala: "Simone Veil". Gobernu kontserbadore bateko ministro izan arren, nolabaiteko ikono feminista bihurtu zen politikari frantziarra, aitzindaria izan baitzen abortatzeko eskubidea gauzatzean 1975eko lege baten bidez. Giro politiko erabat maskulinoan, Europar Batasuneko presidente izatera ere heldu zen. Baina, lehenago, nerabezaro izugarri gogorra pairatu behar izan zuen: judua izateagatik Auschwitzera deportaturik, familia osotik bera eta ahizpa bat bakarrik salbatu ziren nazien basakeriatik. Hortaz, arrazoi faltan ez zeuden Zuberoako Muskildi herrian Simone Veilen laudorioa egiteko.

Pastorala, Erdi Arotik datorren antzerki hieratikoa, garrantzitsua da zuberotarrentzat: herriak eta herritarrak elkartzen ditu. Kanpoan bizi direnak ere itzultzen dira entseguetara eta herria, egun batzuetan bakarrik bada ere, berpiztu egiten da. Euskara goresten da pastoraletan, nahiz eta ikusle guztiak euskaldun izan ez. Jai giroa gailentzen da eta han-hemenka ikus daiteke jendea elkar besarkatzen. Hots, pastoralak komunitatea trinkotzen du eta, urteak iragan ahala, edukien jite kontserbadorea erabat ahuldu da. Ez dut uste gehiegi dela esatea “Simone Veil” pastoral feminista bat dela. Baita humanista ere: naziak oholtzara juduak jazartzera irten zirenean, negar anpuluren bat eragin zidaten ikusleen arbuio oihuek.

Alta, zapore gazi-gozoa utzi zidan ikustaldiak. Labur eta gordin esango dut: oso frantsesa iruditu zitzaidan. Harritu ninduen azkeneko kantetan frantses hizkuntzari gorazarre egiteak edota Euskal Herria aipatzeak tradizioen kutxa bat besterik ez balitz bezala. Ipar Euskal Herrian gauzatu den balio eraldatzaile multzoa ederki islaturik geratu zen antzezlanean, baina abertzaleek bultzatzen duten euskal nazioaren arrastorik ere ez zen sumatu "Simone Veil" pastoralean, alderantziz baizik. Atsekabeturik ikusi nuen arlo batean irabazi dena beste batean galdu dela. 

Recherche