0 commentaires

Hesteak brake

 

Pasa den asteazkenean izan nintzen zineman, antzinako surflarien kondairak dioen moduan, itsaski handienak izaten diren asteko egunean. Sarreran erosi behar izan nituen 3D betaurrekoak jantzi eta hasi zen filma, palomita eta zurrumurru hotsen artean, gero isilunea, isilunea, pixkanaka entzun zitekeen isilune hotsa, urrunetik antzeman daitezkeen bi motorren burrunba jarraian, ileak puntan jartzen dituen bat-bateko dunbotsa, irudi ikusgarri bat eta erdi, muturreko akzio eszena azkarrak, aktore nagusiaren aurkezpen elkarrizketa laburra, beste akzio irudi bat, istripua, ezbeharra, drama, malkoak hiru dimentsiotan eta berriz ere isilunea... eta ”Point Break”, filmaren goiburua hizki larritan begi-ninian eta erretinako zoko guztietan zurrun grabatua.

90eko hamarkadan munduko surf komunitatearen bihotzetan iltzatuta geratu zen film bikain haren remakea hitz batean laburbildu beharko banu sekulako esfortzua egin beharko nuke, zeren hainbesteko kaka pila iruditu zait, kaka pila hori guztia hitz batean biltzeko eta berau egiteak suposatzen duen hesteetako lan nekezak merezi duen errespetuari duin eusteko gai ote naizen zalantza baitut. Alegia, puzker bat bota eta kaka egin ote duzun ez dakizunean bezala da, baina kontrako zentzuan, izan ere, kasu honetan, kaka pila motz geratzen da.

Dena puztu behar hori, funsgabeko handikeria zurkaitza, inoiz aski ez denaren sakoneko ikuspegi asegaitza, eta batez ere, fikzioa errealitatea baino errealagoa dela sinetsarazi nahi digutenek gauzak egiteko duten klase faltak gogaitzen nau. Badakit mota horretako filmak ez daudela bere kabuz pentsa dezakeen norbaitentzat eginak, baina masei begira eginak dauden neurrian eta masek zer nahi duten eta nola nahi duten ikusita, Mendebaldeko gizarte honek, biztanle-numeroz osatutako masek eta indarrean den ereduak egunetik egunera goragale handiagoa ematen didate. Ez dakit, txinatarrak bezala, musuzapiarekin aho eta sudur zuloak estalita atera beharrean ez ote naizen.

Misantropoa naizenez (ez da gaitz bat, dohain bat baizik) halako film bat ikustera joan, eta gizarte eskas honetan numero bat gehiago naizela ikusten eta sentitzen dudanean hesteek “plof” egiten didate eta nire etsipenaren ezintasuna zinemako besaulkian libratzeko arriskua daukat. Gizarteak orokorrean bezala, antza, nik ere ez dut oraindik gainditu «Freud-en fase anala».

Bai, halako filmak ikustera behartuak gaude, bestela jokoz kanpo geratzen gara, baita ingurune hurbilenean ere, beraz alde positiboa aurkitu behar da. Nik filmeko zati batean atsegin hartu nuen, barre egin nuen erruz eta ozen, ia anonimotasunean, lepo zen areto betean, eta gozatu nuen istant batez, inguruko 3D begirada ulergaitzek haiek ere barre egin behar ote zuten galdegiten zidatela ohartu nintzenean. Lehertu beharrean nintzen, Bodhik, gaizkile ameslariak, Johnny Utah FBIko polizia jatorrari eszena batean honako hau aitortu zionean: «Parisera etorri zinenean banekien polizia bat zinela, baina aldatuko zintudala uste izan nuen...». Ez al da barregarria? Film osoko agerraldi interesgarri bakarra da.

/