0 commentaires

Ronnie Burns in memorian

Ronnie Burns, in memoriam Surflari ernegatua Aste honetan Ronnie Burns hil zela 20 urte bete dira. Bere heriotza, ordea, garai basati baten amaierarekin etorri zen; paradigma aldaketa baten ikur gisa aurkez daiteke. Itsasoa eta bizitzaren arteko harreman estua ulertzeko modu berri batek gainditu zuen berak hain ondo irudikatzen zuen jarrera. Horregatik ekarri nahi dut gogora, bere heriotzaz haratago berak irudikatzen zuen jarrera basati hura errebindikatu nahi dudalako.

Ronnie Burns Kalifornian jaio zen 1963an, Newport Beachen. Bere aita Boscoe Burns taula egile ezaguna zen; hala, 5 urterekin, surf egiten hasi bezain laster, Hawaiira joan ziren bizitzera. Azkar egin zen famatua irlan altuera handiko ile hori hura.

Batez ere olatu handiak maite zituen; maisuki menderatzen zituen Oahuko olatuak, baita Pipeline beldurgarria ere. Horren adibide dira bertan lehiatuz lortutako emaitzak, ezagunena 1989an ikaragarrizko olatutzarrekin lortutako bigarren postua. Derek Ho hawaiiarrak irabazi zuen txapelketa famatu hura. Uretara sartu aurretik lehiakideek dituzten aurpegien irudiak oso ezagunak dira, egitera doazena brometakoa ez dela erakusten duten irudiak baitira. Bisaia serioak, artega direnaren adierazleak, begiradak urautsian iltzatuak dituztela; eta, badaezpada, taldean, bata bestetik gehiegi urrundu gabe.

Hala ere, Ronnie ezagutu ahal izan bagenuen, hainbat bideotan agertzen delako izan zen. Irudirik onenak «Ticket to Ride» (1986), «Filthy Habits» (1987) eta «Pump!» (1990) filmetan ikus daitezke. Beti jartzen zioten rock musika bikaina haren olatuei, bere izaera bidaiazale eta parrandazaleari ongi egokitzen zitzaion musika baitzen. 80ko hamarkadan AEBetako errepideetan zehar motoan zebiltzan larruzko jakadun eta betaurreko iluneko «zaldunen» izaerarekin bat zetorren. Motozaleen ereserki bihurtu zen Sttepenwolf taldearen abesti bateko akordeekin lagundu zituzten bere azken irudiak. «Born to be wild!» zioen abestiak; basati izateko jaioa.

80ko hamarkadan surfa ematen ari zen aldaketen aurrean, jarrera eta estilo eleganteei eutsi zien Ronniek. Jada skateko ariketak surf taularekin egiten hasiak ziren garaian, taula arinak airean mendera zitezkeenaren frogak begi bistakoak zirenean, ertzak olatuaren magalean itsatsita jarraitu zuen Ronniek. Taula txikiak agertu zirenez geroztik estiloak garrantzia galdu zuen, protagonismoa ariketak berak hartzen zuelarik. Batzuk, ordea, ez zeuden guztiz ados; taula txikien erosotasunaz baliatzen ziren, baina surflari bakoitzak estilo propioa behar zuen, olatua irakurtzeko modu estandar bat ukatzen zuten. Ronnie zen adibidea, surf sinplea, baina nortasunezkoa, zaldunaren deskripzio garbia, garaiko aldizkarietan aurkezten zuten moduan, gentleman benetakoa. «Surfer» magazine aldizkariak zera esan zuen 1987an XCEL Pro proba irabazi zuenean: «Ronniek ez du itxura arazorik, ez baitu itxurarik eman nahi».

Ronnie Burns 1990eko irailean joan zen, 27 urterekin. Oahuko irlan, Velzyland muinoan, aurkitu zuten Ronnieren zerraldoa, bere mototik hurbil. Hasiera batean, hil egin zutenaren zurrumurrua zabaldu zuten hainbatek. Gero moto istripuz hil zela esan zuten; horrela diote berari buruzko artikulu gehienek ere. Aldiz, autopsia egin zion auzitegiko medikuaren txostenak ez du zalantzarako tarterik uzten: heriotzaren egiazko kausa biriketan zuen arazo bat izan zen, asmaren eraginez gaiztotu zitzaion arazoa.

Kolonbiako kostaldean, Negua izeneko herri batean, ba omen da mundua zerutik ikusteko aukera izan zuen gizon bat; handik begiratuta, gizakiok sugartxoak baino ez omen gara. Ekainean San Juan bezperan zenbait baserriren atarietan egin ohi diren sugarren antzekoak omen gara gizakiok han goitik. Horrela kontatzen du Eduardo Galeanok gizon hark ikusitakoa. Gizaki bakoitzak dirdira berezi batekin egiten omen du dir-dir. Sugar handiak, txikiak eta kolore anitzetakoak daude. Bada dirdira apaleko jendea eta bada sugar biziko jendea ere, haizeari txinpartak ateratzeko gai dena. Sugar batzuk zozoak dira, ez dute ez dirdirarik egiten ez erredurarik eragiten. Baina badira izugarrizko indarra duten beste sugar batzuk ere; hala, begiak kliskatu gabe horiek behatzea ezinezkoa da eta beraiengana hurbiltzen dena piztu egiten omen da.

Runnie Burns haizeari txinpartak ateratzen dizkiotenen artean sailkatuko nuke, gainontzekoei pizteko dohaina oso gutxik baitute, eta, kontakizunak dioen moduan, norbera pizteko haiengana hurbildu behar baita; eta, gure herrian, hori ezinezkoa da. Ronnie Burns ez nuen aurrez aurre ezagutu, baina surflari askorengan txinpartak sortu zituen sugartxoa izan zela esan dezaket.

/