0 commentaires

Zakil ñimiñoak

Surf eskola batean egiten dut lan, eta aldageletan hainbeste jenderekin ibiltzeak baditu bere kontuak. Azkenaldian zenbait aldaketa gertatzen ari direla ohartu naiz, batez ere ohiturei dagokienez, eta zuekin partekatu nahi ditut, aukerarik izatekotan, diodana egia dela ziurta dezazuen.

Nire arreta bereganatu duen lehen datua zera da, lehen, arropa aldatzeko lotsatzen zirenak edo intimitate apur bat eskatzen zutenak neskak zirela; egun, berriz, txori txikia erakusteko asmorik ez dutenak, kasu gehienetan, gizonezkoak dira.

Beste datu bat, bigarrena. Lehen, neskak ziren uretatik atera ostean ozonoa birrintzeko asmatu diren esprai mota guztiak toallarekin batera ekartzen zutenak. Egun, berriz, mutilak dira laka, kolonia eta mota guztietako kosmetikoak ekartzen dituztenak. Hori bai, disimuluan, riñoneran edo bandoleran ezkutatuta.

Hirugarren obserbazioa. Ez dakit lehen, baina egun, mutilak askoz ere gehiago kexatzen dira; ura hotz dagoela, itsasoan algak daudela, ura gazia dela, arrainak dabiltzala, hondarrak zikindu egiten duela, eta abar. Jasangaitzak dira. Bai, jasangaitzak gara.

Eta azken behaketa, niretzat interesgarriena. Nesken kasuan oraindik azterketa amaitzeko daukat, baina gizonen kasuan, gogor itxura daukatenak, gimnasio batean muskuluak puzten ibiltzen direnak, «pig-bull» zakurrak dituztenak, auto handi eta ikusgarriak dituztenak, alegia handiusteko pertsonek, zakil ttipia daukate. Horra nire behaketa lanaren ondorio erredundantea. Salbuespenik gabe, gainera.

Zer egingo diogu ba, halakoetan nahi gabe joaten zaio bati begirada, eta jendeak nahi duena esango du, baina bai, tamainak badu garrantzia, eta handia gainera.

Orain badakizue, etengabe isunak jartzen ibiltzen den aguazilak, porra lan tresna duen tipo «katxas» horrek, edo abdominalak erakusten ibiltzen den presidente ohiak, finean zer ezkutatu nahi duen: zakil ñimiñoa du.

/