Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Bideodeiei oda

Villavesan sartu eta eseri naiz. Alboan, emakume beltz bat, bideodeian. Badakit mesfidantzazko begiradak daudela, sarritan ahoz esaten baitira. «Zein desatsegina. Isilik, etxean egin dezala. Zergatik oihukatzen dute?». Nik ere egin izan dut; ama edo aitona sakelakoaren pantailan ikusgai jarri behar izan dut kale erdian, intimitatea nahiago arren. Busean, so egin diot emakumeari, kariñoz. Ziur aski ez du bere senideak astero, hilero, agian urtero ikusteko pribilegioa. Ordu aldaketak dei hori autobusean, medikuaren itxarongelan, arrandegian egitera behartuko du. Nik neuk ez dut kontatzen zenbat ordu pilatzen ditudan bideodeietan. Bideo bidez sumatzen baitira begiradak, denboraren joanaren zimurrak, ile mozketa berriak; honen bidez entzuten dira azentuak, guretik urruntzen den eta gugandik urruti eboluzionatzen duen hizkuntzari txertatu zaizkion hitz berriak.

Beraz, perfekzionatzen dugu: mobila beloan, sukaldeko kanpaian, kafearen katiluan. Eskuak libre, eskuekin hitz egiteko, erakusteko, ukitzeko ilusioarekin. Larrialdiak, pozak, berri txarrak. Oihukatu, teknologikoki urrun bageunde bezala, lurralde distantziaz gain. Aitonak behin esan zidan: «Garrasi egiten badut zure ahotsa hobeto harrapatzeko da, batez ere distantzia luzearekin».

Recherche