Buruz
Zure txanda zen. Ikasgela jendeztatzen zuten beste 30 buruen aurrean zure izena esaten zuten. Lehen solairuko ikasgelan, patiora begira. Azaroa zen, alboko zuhaitzak biluzten ziren eta zu leihoari so. Arnasa hartu, sakon, eta aurrera. Lehenbizi, titulua; tituluarekin hasi behar zen beti. Ondoren, lehen bertsoa, inoiz hutsik egiten ez dena, gainontzekoei bultzada ematen diena. Eta gainerakoak naturalki segitzen zuen, txirristatuz, gurina bezala. Tonu zuzena edo hitz bat oroitzeko eskuek laguntzen zintuzten batzuetan, airean kulunkatzen, orkestra zuzendari baten gisara. Segundo batzuk besterik ez ziren, gehienez minutu bat, eta esfortzu handiko lana bat-batean baporatzen zen. Askotan ulertzen zenuen esandakoaren mezua une horretan, behin presioa zure gorputzetik desagertuta. «Eskerrik asko» zioen irakasleak eta zu aulkira bidean.
Gai zarete oraindik olerki oso bat buruz ikasteko? Ez abesti bat, ez bertso inprobisatu bat. Poema bat, soilik.
"La Bola Negra" film luzea estreinatu da zinema aretoetan, eta Lorcaren poesia goraipatzen da «Los Javis» egileen obra berrian. Lorcaren poesia buruz errezitatzen da, gerra garaian hitz bakoitzaz oroitzea beharrezkoa zelako. Garai ilunak hurbiltzen ari dira, ikas ditzagun errimak berriz ere.
