Dantzan!
Azken zutabean kontatzen nizuen lagunak ezkontza abuztuan ospatzea erabaki zuela, non eta Caceresen [buru hezur emojia]. Lagunekin hasi ginen «prestatzen diren sorpresak eta bestelako txorradak» (sic) antolatzen, eta «aurresku bat dantzatuko nioke» bota zuen A-k. Ideia berehala gustatu zitzaidan baina errealitateak azkar jo ninduen, beste batek ea norbaitek dantzatzen al zekien galdetu zuenean. Gure artean dantzaririk ez –dantza talde bateko kiderik ez, alegia–. Ekimenak poztu ninduen, baina ezkutatzen zuena nabarmena zen: lotsa ematen digu dantza egiteak, eta gehiago plazan, profesional izan gabe (edo pauso batzuk [baldar, baina zer axola du!] ematera ausartzen ez diren lagun horiei guztiei esan diezaiekezue edozein txosnatan).
Joan den ekainaren 13an Euskaltzaleon Martxa egin da Iruñean, eta kalejira oso organikoki suertatu zen ekitaldi ostean. Dron batek grabaturiko zerutik ikusitako irudia liluragarria da: itsasten eta askatzen diren inurriak, akordeoi baten mugimendua bezala, ilusio optiko baten efektua ematen duena. «Euskararen komunitatea eskuz esku gorpuztu dute gisa horretan» dio dantzan.eus-ek. Ez dakit guk ongi eginen dugun Caceresen, baina bitartean sanferminetarako: lagunak, komunitatea gorpuztu dezagun, dantzan egin dezagun!
