Yasmine Khris Maansri
Yasmine Khris Maansri
Itzultzailea

Laranja lore

Maite ditut udaberrian agertzen diren lehen loreak», dio kantuak. Udaberri-zalea naiz ere, alergiek begiak busti eta sudurra itxi arte. Poltsikoak kleenexez beteta, gazi-gozo bizi dut sasoia, zentzumen oso bat ia-ia galtzeraino. Usaimenak gure memoriaren bazter guzietara eraman gaitzakeela diote adituek, gure garuneko memoriarik zaharrena eta sendoena dela.

Oraindik gogoan dut larunbat goizeko sardinen usaina, merkatura joaten ginelarik; edo jaietarako egiten genituen laranja lorezko pastelak. Kultur edo klase adierazlea ere bilaka daiteke: Isabela Figueiredo idazle portugesak dio Mozambikeko hiriburuari buruz «curry usainen kontzentrazio eremu erraldoia» zela, Maputora immigratu zuen Portugalgo klase ertainaren kolonialismoa argiki utziz. Annie Ernauxen gizarte klasearen salatzailea eskolan beste haurrek usaintzen zuten lixiba zen, «etxean iturriko urik ez denez», lixibaz desinfektatzen baitziren eskuak. Gaël Fayek «gorpuen usaina» esperimentatu zuen txikitan, Ruandako genozidioaren eraginez. «Zer usain ona!», esan zidan aurrekoan lagunak, nik koloniarik jarri gabe. «Laranja lorezko gela erosi dut», erantzun nion, eta nire baitan dutxa bakoitza festa izatea nahi nuela imajinatu nuen.

Recherche