Munduari begira
Ezagutzen nauenak badaki kexuka nabilela parrandan: «Zergatik gaude beti zirkuluan?». Bromatan diot, baina pentsarazi ninduen formazio honek: trago bat esku batean, bestea poltsikoan, eta denok elkarri begira, biribil ia perfektu bat marraztuz, kalakan edo dantzatzen. Osatzen dugun zirkulu hori eraikuntza sozial bat dela esanen nuke, edo hobeki esanda, kulturala. Ez dut tabernetan bakarrik ikusten, baita kafetegietako terrazetan ere, lagunak mahaira gehitu ahala. Historiak dio kafea hartzeko lehen establezimendu iraunkorrak Mekan, Kairon eta Istanbulen frogatu zirela XVI. mendean, eta, ondoren, XVII.ean, Venezian, Vienan, Parisen, Londresen edo Marseillan. Ñabardura kulturalak leku horietan sozializatzeko dugun moduaren xehetasunetan ezkutatzen dira: kaleko bizitzaren zale amorratuak izanik ere, europarrok nahiago dugu mahai baten inguruan banatu, kaleari bizkarra emanez behar izanez gero; aitzitik, ekialdeko bezeroek alde hori hutsik utzi ohi dute, aurrean duten bizitzan arreta osoa jarriz. Tangerreko Café Hafa etorri zait burura: eserlekuak lerrotan, terrazak zintzilik Atlantikoaren gainean, eta Gibraltarko itsasartea ortzi mugan. Gosaldu egin genuen han, itsasoari begira, eta gure begiradek ez zuten gurutzatu beharrik elkarren ondoan geundela jakiteko, denbora astiroago zihoan bitartean.
