Markel Miner (Getty)
Zerua behatzeko aukera paregabea eskaintzen du Finlandiak.
Zerua behatzeko aukera paregabea eskaintzen du Finlandiak.

Astroturismoa, ametsekin jolasean

Hau, badakigu, aitzakia baino ez da munduan zehar egin ditzakegun bidaiekin amesteko. Baina noizbait, pandemia gainditu ostean, itzuliko gara bideetara... Bien bitartean, amets egiteko zerura begira egotea baino hoberik ba al dago? Izarrei so, astroturismoa egiteko proposamena egin nahi dizuegu.

Munduan zehar badira txoko aproposak zerura begira bereziki gozatzeko. Ubikazioa, argi-kutsadura, garbitasuna eta beste zenbait faktorek, noski, eragin zuzena dute. Guk horietako hainbat leku proposatzen ditugu ondorengo lerrootan. Hori bai, komeni da paseo hau inolako presarik gabe egitea, lasai-lasai.

Portugal

Argi kutsadurarik ez dagoenez, Portugalgo hegoaldeko Alentejo eskualdeak baldintza ezinhobeak bermatzen ditu zeru izartua bikain behatzeko. Leku garrantzitsuenetako bat Reguengos eskualdean dago, Monsaratzen eta Mourãon herrietan. Handik izarrak, konstelazioak eta baita Esne Bidea ere ikus daitezke. Teleskopioak prestatu dira hainbat eremutan, baita gaueko hainbat jarduera antolatu ere, izarren azpiko mendi ibilaldiak egiteko. Alquevako lakutik ere ikus daiteke zerua, ontzi-etxe batean.

Finlandia

Aurora boreal bat ikustea esperientzia paregabea da askorentzat, bizitzan behin egin beharreko zerbait. Horregatik, Finlandia bezalako herrialdeek eskaintza turistikoa bultzatzearen aldeko apustua egin dute, zeruaren behaketa inguruko ohiko jarduerekin konbinatuz. Irailean eta martxoan oporrak hartzea gomendatzen dizugu –aurora borealak behatzeko garairik onena–, eta ikuskizunaz gozatzeko prestatzea. Kakslauttanen Artic Resort Finlandiako Laponian dago, Zirkulu Polar Artikotik 250 kilometrora, iparraldera. Bi pertsonarentzako gelak «kristalezko igluak» dira.

Italia eta Peru

Hona hemen Italiako Dolomitak mendikatean dagoen bitxikeria: Col Gallina aterpetxearen gailurreko Starlight izeneko logela. Bereziki mendi horizontea eta gau izartua ikusteko diseinatua, bi pertsonarentzat baino ez da egokia. Beheko argazkian, Skylodge Adventureko kapsula gelak ageri dira. 120 metroko altueran zintzilik daude Peruko Andeetan dagoen Cuzco bailarako horma harritsu batean. Horietara iristeko, 400 metroko eskailera igo behar da, horman ainguratuta. Suitek bainugela, ohea eta jantokia dituzte.

Suitza

Eskerrak Suitzako Alpeetako mendikatea ez dugun oraindik hondatu. Mendizaleen, eskiatzaileen eta astroturismoa maite dutenen topalekua da. Bertan 3100 Gornergrat Kulm hotel eta behatokia dago, Alpe Apeninoetan eta itsasoaren mailatik 3.120 metrora. Erakargarria oso, bi jatetxe eta merkataritza gunea duelako, baina batez ere bere bi teleskopio handietatik zerua begiratzeko aukera paregabea eskaintzen duelako.

Kanariar irlak

Palma edo «isla Bonita» uharteak ingurumen ezaugarri onenak eskaintzen dizkie astronomiaren zaleei. Munduko lehen Starlight Erreserba izan zen. Uharteko punturik altuenean, itsas mailatik 2.400 metrora, Roque de Los Muchachos behatokia dago, «hodei itsasoa» deritzonaren gainetik. Behatoki horretan atmosfera garbi-garbia dago.

Malta

Malta uhartea toki paregabea da izarrak eta fenomeno astronomiko harrigarriak behatzeko. Mendebaldeko kostaldeko edozein lekutan, Zurrieqetik Gozoraino, toki ederrak aukitu daitezke. Izarrak ikusteko leku ezin hobea Lippija dorrea da, esaterako, 1637an eraikia eta inguruak zaintzeko erabili zena.

Txile

Txile beste herrialdeen gainetik nabarmentzen da bere zerbitzu «astroturistikoei» esker. Hego Amerikako herrialde honek zerua behatzeko ahalmenaren %40 eskaintzen du, eta hurrengo hamarkadarako %70 hartuko duela aurreikusten da, munduko argi kutsaduraren areagotzearen ondorioz. Astronomia maite dutenentzat, Mekatzat jo daiteke. Argazkian azaltzen dena Elqui bailaran dagoen Elqui Domos hotela da. Santiagotik 500 bat kilometrora kokatutako hego hemisferioko hotel astronomiko bakarra da.