Testua eta argazkiak: Xabier BAÑUELOS
gara-2023-11-24-Reportaje

Cu Chi eta Vinh Moc, bizitza eta heriotza lur azpian

Vietnamgo iparraldea eta hegoaldea aurrez aurre jarri zituen gerra hartan, Ipar Vietnamgo armadak eta Vietcongek zerbait berezia asmatu behar izan zuten borrokatzeko. Tunel sareak izan ziren armarik eraginkorrenetakoak, aginte eta logistika base edo babesleku eta eraso postu gisa balio zutenak.

Cu Chiko tuneletara iristean, lehenik eta behin, AEBetako inbaditzaile “bihozgabeen” aurrean Vietcongek duen erresistentzia epikoa kontatzen duen bideo baten proiekziora joan gara. Hizkeraren propaganda erretorika sutsuak, espainolezko itzulpen berezi batez, irribarrea eragiten digu, gerrillariei “yankien akabatzaile heroiko borrokalariak” esaten dieten bakoitzean.

Trang-ek, gure gidari lokalak, Saigonen jaio eta haziak, arreta handiz entzuten du, harriturik, irudi horiek lehen aldiz ikusiko balitu bezala. Bertako gehiengoak ez zuen gerra bizi izan, 1975ean ez baitzen jaio gaurko %80. Munduko potentzia militar handiena garaitu zuen herri erresiliente baten parte izateagatik harro hitz egiten digu, baina gorrotorik gabe. Eta Trangek bezalaxe, hitz egin diedan pertsona guztiek, borrokalari ohiak barne, behin baino gehiagotan herrialdea bisitatu dudalarik.

Vietnamgo biztanleria gazte eta dinamikoak etorkizunari begiratzen dio iraganari baino gehiago, eta gerrari erreparatzen diote urrun samarreko kontu baten gisa. Hala ere, horrek ez du eragozten gogoan irautea. Hanago aztarnak eta memorialak, zentzu honetan, memoria historikoaren adierazlerik onenetakoak dira, lehen mailako toki turistikoak izateaz gainera. Horrela, marineei gauak infernu bihurtzen zizkieten ehundaka kilometroko tunel sareetatik, Cu Chikoa izan zen garrantzitsuena, Burdinazko Triangelua deitzen zitzaiona. Baina ez zen bakarra. Izan ere, garrantzi txikiagoa izan zuten beste batzuek, hala nola Vinh Moc-ek, DMZ (Desmilitary Zone) aldean.

BURDINAZKO TRIANGELUA

Mekongeko Deltako 300 km2 inguruko eremua da Burdinazko Triangelua, Bin Durong probintzian kokatua. Viet Minheko operazio baseetako bat zen Frantziako independentzia gerran, eta Ipar Vietnamgo eta Vietcongeko armadarena gerra zibilean, ondoren Iparraldea eta Hegoaldea aurrez aurre jarri zituen hartan. Toki kritikoa zen ikuspegi estrategikotik, Ho Chi Minhen gerrillarien eta armada erregularraren erresistentzia eta eraso gune bat zelako Saigongo ateetan, 40 km eskasera. Horregatik, frantsesek eta ondoren Hego Vietnamgo eta AEBetako indarrek ahalegin handia egin zuten Ipar Vietnamgo indarrak handik desagerrarazteko. Baina ez zuten lortu, nahiz eta faktura handia ordaindu behar izan.

Gerrarik handiena Mekongeko Deltan izan zen. Toki oso konplexua zen, oihanean eta arroz-etxe artean borrokatzera behartzen zuena, klima tropikal nekagarrian eta benetako tortura psikologikoa ziren gerrilla eta ezkutuko taktikekin, batez ere iparramerikarrentzat. Gainera, lurpe osoa elkarrekin konektatutako tunel sare konplexu eta zabal batek zulatzen zuen. Tunel horiek etxebizitza, garraio eta komunikazio korridoreak, ezkutalekua eta iparraldeko indarrentzako eraso puntuak ziren. Burdinazko Triangeluan sare hauetako zabalena zegoen, 200 kilometrokoa lurpean. Kontserbatzen dira 120 inguru, eta batzuk bisitatu daitezke, Cu Chiko tunelak kasu, hauek baitira ezagunenak.

Lehenengo tunelak 1880an eraiki ziren, kolonialismo frantziarrari aurre egiteko. Bigarren Mundu Gerran japoniarren okupazioari aurre egiteko gune gisa ere balio izan zuten, eta Independentzia Gerran edo Indotxinako Lehen Gerran giltzarriak izan ziren, kolonizatzaile frantziarraren aurka berriro borrokatzeko zabaldu zituztenean. Komunistak eta nazionalistak, Frantziaren kontrako aliatuak, independentziaren ondoren gerra zibila ekarriko duen gatazka batean sartuko dira. Hemen sartzen dira AEBak hegoaldeko gobernu nazionalistaren alde, Tio Ho-ren komunistek boterea lortuko duten beldur. Indar desberdintasunaren aurrean, tunelek protagonismoa hartzen dute, berriz ere, lehen defentsa eta eraso lerro gisa, Iparraldeko Vietnamgo Armadak eta Vietcongek kontrolatutako Burdinazko Triangeluari eta Deltako gerra eremuei estaldura emanez, bai eta Ho Chi Minh ibilbidea babestuz ere (Laos eta Kanputxeatik ezarritako hornidura lerroa). Tunelok funtsezkoak izan ziren 1968ko Tet-aren Erasoaldian ere.

TUNELEN BARRUAN BIZITZEN

Tuneletan sartzea esperientzia bizia eta muturrekoa da. Zatirik handienak 140 metro besterik ez dituenez, larritasun sentipena sortzen dute hezetasunak, ilunpeak eta galerien estutasunak. Eta hori, zabaldu eta egokitu egin dituztela, bisita turistikoak ahalbidetzeko. Ez da zaila imajinatzea nolako zailtasuna eta gogortasuna zekarren lur azpiko hiri sugegorri horietan bizitzeak, hainbat mailatan eraikiak eta ia narrastu beharreko korridore estuez eta baxuez komunikatuak. Ostatuak, ospitaleak, fabrikak, sukaldeak, jantokiak, komunak, aisialdirako guneak zeuden, ez detektatzeko keak eta hondakinak aireztatzeko eta husteko sistema burutsuak, eta ezkutalekuak, gurutzeak, elkarguneak eta zokoguneak, aginte postuak, eraso postuak, armategiak, babeslekuak eta hornidura sareak. Lurperaturik borrokatze zuten egun batzuez edo asteetan, beroak itota, gaixotasunek jota eta... etsaia gainazalean patruilatzen ari zela.

Arerioarentzat ere ez zen erraza egoera, tranpaz jositako oihan batekin, edozein zulotatik agertzen zen gerrilla batekin, non M16ak gutxi balio zuten tunelen barruan zeudenean. Izan ere, “tuneleko arratoiak”, barruan borrokatzeko trebatutako marineen gorputz bereziak, pistola batez eta baioneta batez bakarrik armatuta sartzen ziren.

Tunelei eta oihanei esker, Vietcongek mamuen armada batek bezala jokatzen zuen. Inoiz ez zen lortu haiek hustea, nahiz eta haien aurka hainbat kanpaina egin, hala nola Crimp operazioa edo Cedar Falls operazioa. Gerra amaitu arte jardun zuten lanean.

Gaur, Cu Chira egindako bisitan, borroka mota hura zer izan zen ikasi dugu. Sarrerak eta eraso postuak bisita daitezke, oihaneko orbelen artean erabat kamuflatuta, zurezko tranpolez itxita, eta konturatzen gara handik nekez sar daitekeela kalaxnikov batez armatutako soldadu bat. Ikus daitezke, halaber, ospitale edo aginte postu gisa egiten zituzten barne gelak, kanpoaldearekiko ukipen puntuetako kamuflaje sistemak (adibidez, termitero faltsuak), eta Vietcongek asmatutako gerra tranpen erakusgai bat (adibidez, punji hesola izugarriak). Hiltzeko baino gehiago zauritzeko diseinatuak, zuloetan jarritako banbuzko haga zorrotzak dira, gorputzean iltzatzean biktimaren ebakuazioa ahalik eta gehien zailtzeko moduan jarriak.

M41 WALKER BULDOG TANKEA

Era berean, aire zabaleko gerrilla kanpamentua zenaren simulazioa ikus daiteke, tunelak suntsitzeko asmoz B52 hegazkinetatik jaurtitako bonbek eragindako krater zabalak, eta hainbat armamentu hondar. Aipagarria da M41 Walker Buldog tankea, 1970ean Vietcongeko leherkari batek apurtua. Ibilbidearen amaieran, beharbada gustu txarreko ideia oportunista batez, tiro eremu batean arma automatikoekin tiro egiteko aukera ematen dute, hala nola M16, AK 47 eta M60, eta bala bakoitzeko 2’30 euro.

Vinh Moc-eko tunelak ez dira hain ezagunak, baina interesgarriak dira berdin-berdin. Hue-tik iparraldera daude, DMZ Zona Desmilitarizatuan, Quang Tri probintzian. Cu Chi-rekiko aldea zera da, hauek borrokarako tunelak izan ziren bitartean, Vinh Moc-ekoak zibilentzako babeslekuak bakarrik izan zirela. Bi Vietnamen artean 10 km-ko zabalerako mugako zerrenda desmilitarizatua zen DMZ. Ben Hai ibaia jarraitzen zuen, 17. paraleloaren hegoaldean, Hego Txinako itsasoaren eta Laosekiko mugaren artean.

AEBen bonbardaketek oso zigortutako ingurua izan zen, eta, beraz, hango biztanleek beraiek erabaki zuten tunelak egitea. 2,8 km-ko tunelak dira, hiru mailatan, 12, 15 eta 23 metro arteko sakoneran. Sei urtez 300 kide inguru zituen familia batzuen bizileku iraunkorra izan zen. Deltakoak baino handiagoak eta hezetasun gutxiagokoak dira, baina, haiek bezala, hainbat erabileratarako gelak ditu, baita familia bakoitzarentzako bizilekuak ere. Kanpoaldean museo txiki baina interesgarri bat dago, baita estatubatuarrek erabilitako bonben erakusketa bat ere.