NAIZ

Ane Iturzaeta donostiarra da Gladys sariaren lehen edizioaren irabazlea

Microsoften egiten du lan Ane Iturzaeta 26 urteko donostiarrak, Data&AI taldeko Customer Engineer bezala. Gladys sariaren lehen edizioaren irabazlea da.

Ane Iturzaeta, Gladys sariaren lehenengo edizioko irabazlea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Ane Iturzaeta, Gladys sariaren lehenengo edizioko irabazlea. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin sustatzen duten Gladys del Estal sariaren lehenengo edizioak badu irabazlea: Ane Iturzaeta da, Microsoft enpresan lan egiten duen 26 urteko donostiarra.

Bere «motibazioa, etorkizunera begirako proiekzioa, eginiko ibilbide profesionalaren aniztasuna eta gazteekin gauzatutako dibulgazioa» oinarri jaso du Iturzaeta saria, epaimahaiak jakitera eman duenez.

Informatikako Ingeniaritza eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradu Bikoitza ikasi zuen Ane Iturzaetak Deustuko Unibertsitatean, 2013 eta 2018 urteen bitartean. Gaur egun Microsoften egiten du lan Data&AI taldeko Customer Engineer bezala.

«Betidanik izan dut grina gauza berriak probatzeko, baita enpresa munduan pixkanaka sartzeko ere», agertu du donostiarrak PuntuEUS Fundazioak zabaldutako bideo batean.

Grina horrekin, udan zituen bi-hiru hilabete oporrak aprobetxatu zituen Euskal Herritik kanpo praktikak egiteko, eta New Yorken, Bruselan eta Maltan egon zen. Eta prozesua luzea baten ostean, Microsoft enpresan hasi zen lanean, Data&AI taldeko Customer Engineer bezala.

«Nere egitekoa da gure bezeroei, bai sektore publikoari eta baita enpresa pribatuei ere, laguntzea beraien eguneroko erronkei irtenbidea topatzen adimen artifizialarekin eta datuen bitartez», esplikatu du Iturzaetak.

Emakumeei zuzendutako saria

Gladys del Estal saria EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak sustatzen dute Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin.

Ekimen honen helburua ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta lan hori jendarteratzea da, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera.