Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

‘Zeldatik’, Asgarth-ek etxeko konfinamendutik egindako lan berriaren lehen singlea

Añorgako heavy taldeak 2022an plazaratuko duen izen bereko disko berriaren lehen singlea eta bideoklipa estreinatu ditu asteazken honetan. Gainera, lehen kontzertua urtarrilaren 15ean eskainiko du, Donostian, agur esan zion toki berean.

Asgarth taldeko boskotea, eszenatokiak erretzeko prest. (ASGARTH TALDEA)
Asgarth taldeko boskotea, eszenatokiak erretzeko prest. (ASGARTH TALDEA)

Musika munduan jakina zen Asgarth taldea lanera itzulia zela. 2007an agur esan zion heavyari, eta orain bueltan da, indartsu, eszenatokiak jateko helburuarekin. Hala, asteazken honetan bertan ‘Zeldatik’ kanta berria –eta bideoklipa– estreinatu du, 2022an plazaratuko duen izen bereko disko berriaren lehen singlea.

Duela hilabete batzuk NAIZen aurreratu genuenez, boskotea Usurbilgo Higain estudioetan aritu da bosgarren diskoa grabatzen, Haritz Harreguyren gidaritzapean hain zuzen ere. 2022an ikusiko du argia erabat berriturik ageriko den Asgarthek. Izan ere, Mikel Yarza baxu-jotzailea eta Etxahun Urkizu bateria gehitu zaizkio taldeari.

«Abesti honekin taldea bere erraietara itzuli da, estilo klasikora, eta gainerako doinuek ere lotura handiagoa izango dute lehen diskoekin, duela 16 urteko ‘Garrasia’ azkenekoarekin baino. Aldi berean, soinua eraberritu dugu eta horretan ekarpen handia egin dute taldekide berriek. Denok konfinatuta egon garen honetan, disko berria etxetik, zeldatik, egindako lan bat izan da. Argi izpi bat topatu nahian, abestien hitzak maitasunari eta gizarte gaiei loturikoak dira», adierazi dute taldeko kideek prentsa ohar baten bidez.

Izan ere, pandemia garaian, sare sozialen bitartez, talde donostiarrak musikara bueltatuko zela iragarri zuen. Horretarako, ‘Heriotzaren aurpegia’ kantua eguneratu zuen eta, ondoren, Metallicaren ‘Black Album’aren 30. urteurrena ospatzeko egindako inkesta bat zela-eta, disko berria grabatzen ari zela iragarri zuen.

Azken egun hauetan albiste bat eman behar zuela iragarri du bere sare sozialetan. Eta gaur izan da, azkenik, lan berriaren aurerrapena egin duen eguna.

Kontzertuen alorrean ere bada nobedaderik. Asgarth urtarrilaren 15ean itzuliko da eszenatokietara. Taldeak Donostian, Añorgako zine zaharrean, abiatuko du bide berria, 2007an agur esan zuen toki berean. Sarreren salmentaren inguruko informazioa datozen egunetan jakinaraziko du taldeak, sare sozialen bidez.

2022an Asgarthek disko berria aurkezteko zuzeneko emanaldiak eskainiko ditu.