NAIZ

EHUko 92 ikertzaile, munduko eragin handieneko zientzialarien artean

Munduan gehien aipatzen diren zientzialarien %2a biltzen da. Horien artean aurten EHUko 81 ikerlatzaile ageri dira, eta 59 1996-2020ko epeari dagokion zerrendan. 48 izen bi zerrendetan errepikatzen dira.

EHUren Leioako campusa. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
EHUren Leioako campusa. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Stanfordeko Unibertsitateak (Kalifornia, Estatu Batuak) ‘Ranking of the World Scientists: World´s Top 2% Scientists’ zerrenda argitaratu du. Zerrenda horretan munduan eragin handiena duten ikertzaileak sartzen dira. Euskal Herriko Unibertsitateko 81 zientzialari daude azken urte honetan gehien aipatu direnen artean, eta 59 ikertzaile 1996-2020 bitartean gehien aipatu direnen zerrendan ageri dira. 48 ikertzaile bi zerrendetan ageri dira.

Ranking honek 1996-2020 bitartean Scopus datu-basean jasotako informazioa du oinarrian, eta argitalpen zientifikoen inpaktuarekin lotutako zenbait parametro hartzen ditu kontuan: zenbat argitalpen, zenbat aldiz aipatu diren beste zientzialari batzuen lanetan, bai eta ikertzaileen lanen eraginaren beste adierazle batzuk eta aipatutako parametro guztiak konbinatzen dituen beste adierazle bat ere.

Bertan nabarmentzen diren EHUko ikertzaileek 37 jakintza-arlotan jarduten dute, eta horrek agerian uzten du zer dibertsitate eta aberastasun duen EHUn gauzatzen den ikerketak.

Euskal Herriko Unibertsitate publikoko errektore Eva Ferreirak adierazi duenez, «Standfordeko Unibertsitatetik albiste bikain bat izan dugu, ziurtatu baitute gure ikertzaileetatik ia ehun daudela nazioarteko zientzia-profesional onenen rankingean».

Rankinga Elsevier aldizkarian argitaratu zen, ‘August 2021 data-update for Updated science-wide author databases of standardized citation indicators’ izenburua daraman artikuluan, eta hauek izan dira egileak: John P. A. Ioannidis (Stanfordeko Unibertsitatea), Kevin W. Boyack (SciTech Strategies) eta Jeroen Baas (Research Intelligence, Elsevier B.V.). Sailkapenean 190.000 ikertzaile ageri dira, mundu osoko erakundeetan lanean ari diren ia 8 milioi ikertzaileren artetik.