Asier Robles

Ingurune digitalean euskararen erabilera areagotzeko akordioa egin dute Lakuak eta Puntueusek

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta PuntuEUS Fundazioa lankidetza-akordio batera iritsi dira, euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzeko eta ‘.eus’ domeinuaren presentzia areagotzeko helburu nagusiarekin.

Lakua eta Puntueusen arteko lankidetza hitzarmena.
Lakua eta Puntueusen arteko lankidetza hitzarmena. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta PuntuEUS Fundazioak Bilbon, Euskadiko Artxibo Historikoan, egindako ekitaldi batean aurkeztu dituzte erakunde bien arteko elkarlanerako ildoak. 2022-2023 epealdirako jardueren helburua gizartean eta eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ingurune digitalean sustatzea eta ‘.eus’ domeinuaren presentzia areagotzea da.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Iñaki Goirizelaia PuntuEUS Fundazioko lehendakaria aurkeztu duten elkarlanerako programak bi helburu nagusi ditu: Enpresetan ‘.eus’ domeinuaren erabilera indartu eta euskararen erabilera euren ingurune digitalean areagotzea; eta erabiltzaileen gailu elektroniko pertsonalak euskaratzea.

Azaldu dutenez, eremu sozioekonomikoan lau esparruren arabera antolatu dituzte lehentasunak. Batetik Hizkuntza Politika Sailburuordetzarekin harreman zuzena duten erakunde pribatu askotarikoak daude, bestetik enpresa elkargoak eta beraien bazkideak, hirugarrenez merkataritza eta ostalaritza finkatu dira eta azkenik enpresa txiki eta ertainak.

Esparru desberdinetako erakunde eta enpresen domeinuak aztertu, ‘.eus’ domeinua txertatzeko bidea landu eta euren eremu digitalean euskara sustatzeko estrategiak nahiz eman beharreko pausuak zehaztuko dira. Zeregin horietan Kultura eta Hizkuntza Politika saila eta ‘.eus’ domeinua elkarlanean ariko dira entitate zein erakundeak erakarriz eta jarraipena eginez. Honetan laguntzeko trebakuntza saioak egingo dira eta behar dutenei laguntza teknikoa eskainiko zaie.

Horretarako PuntuEUS fundazioak hainbat baliabide eskainiko dizkie enpresa eta erakundeei, hala nola, ‘.eus’ domeinua doan edo webgunea automatikoki itzultzeko plugin-a.

Arlo pertsonalari dagozkion ekintzak zehazteko, hau da, eremu digitalean euskara erabiltzaileen hizkuntza nagusia izatea sustatzeko, lehenik eta behin egoeraren azterketa bat egingo da. Ondoren hainbat komunikazio ekintza egingo dira ‘.eus’ domeinuaren erabilera sustatzeko edo eta nabigatzaileak eta gailu elektronikoak euskaraz konfiguratzeko.

Euskara eremu digitalean

Aurkezpenean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez «hizkuntzaren bizitasun digitalari erreparatu behar diogu ezinbestean gaur egun, horrek erakutsiko baitigu neurri batean hizkuntzaren osasuna zein den. Eta bizitasun digitala eskaintzarekin lotuta dago batetik, komeni delako euskarazko eduki digitalak handitzea, ahalik eta gehienak izatea sarean. Baina bestetik, ezinbestekoa da euskarazko eduki digital horiek kontsumitzeko ohiturak indartzea».

Iñaki Goirizelaia PuntuEUS fundazioko lehendakariak bestalde PuntuEUSek gaur egun euskal gizarteak bizi duen egoerari erantzuteko ardura duela azpimarratu du: «Gizartearen transformazio digitala bizitzen ari gara eta azken bi urteetan, premiak bultzatuta, prozesu hori asko azkartu da. Guk, bide horretan dauden pertsonak eta enpresak laguntzen ditugu: domeinuarekin batera tresnak, trebakuntza, laguntza eta zibersegurtasuna eskainiz eta euskaratik egiten dugu. Transformazio digitalari euskaratik erantzuten laguntzen dion proiektua da PuntuEUS. 2017ko neurketaren arabera, Euskal Herriko webguneen % 16k zeukan edukiren bat euskaraz, eta %1,3 zegoen euskara hutsez. .eus erabiltzen duten webguneen artean, berriz, %84 dago euskaraz. Izan ere, ‘.eus’ erabilerak laguntzen du gure gizartearen digitalizazioa euskaraz, tokitik eta segurtasunez garatzen».

Esan dutenez, euskarak Ingurune Digitalean duen ikusgarritasuna handitzeko, euskarak bolumena eta datu kopuru esanguratsua sortzeko, bi eremu hartu behar dira kontuan: «ezinbestekoa da webguneak euskaraz izatea eta euskara sarean ordezkatzen duen .eus domeinuaren presentzia indartzea. Baina, aldi berean, erabakigarria da ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea».

Zupiriak azaldu duenez, «eskaintza eta kontsumo-ohiturak handitzearekin batera, ez da ahaztu behar erabakigarria dela ahalik eta erabiltzaile gehienek sarean ere lehen hitza euskaraz ematea. Sareko lehen hitz hori gure gailuek ematen dute eta horregatik da garrantzitsua erabiltzaileek gailuak euskaraz konfiguratuta izatea. Euskararen pisu espezifikoa handitu behar dugu Interneten, horrela erakutsiko bait diegu enpresa handiei, web garatzaileei, robotei eta abarrekoei euskaldunok interneten gaudela».

2022. urtean Lakuako Gobernuak 50.000 euroko ekarpena egingo dio PuntuEUS Fundazioari eta laguntza teknikoa ere eskainiko dio garatuko dituen egitasmoak aurrera eramateko.