‘Intra’, Mila Modu taldearen bigarren estudioko lana aurkeztu dute

Xabi Yañiz abeslari eta gitarra-jotzaileak eta Andres Camio ‘Jitu’, Elkar argitaletxeko arduradunak aurkeztu dute Mila Modu taldearen azkeneko diskoa, ‘Intra’ izenekoa. Bigarren estudioko lan honekin, barnera begira egindako «lan intimista eta positibo bat» proposatzen dute.

Mila Modu taldeak ‘Intra’ diskoa aurkeztu du. Argazkian Xabi Yaniz taldeko kidea.
Mila Modu taldeak ‘Intra’ diskoa aurkeztu du. Argazkian Xabi Yaniz taldeko kidea. (Jon URBE | FOKU)

Bigarren estudioko lana aurkeztu du Mila Modu taldeak, ‘Intra’ izenpean. Gitarrak nabarmentzen diren lan bat da, melodia landuekin «power pop indartsu bat sortuz», Xabi Yañiz musikariak aipatu duenez. Barnerantz begiratutakoa dela gehitu du Yañizek: «Mintzo da gure baitan erantzunak bilatzeari buruz, ikuspegiak zabaltzeari buruz».

Mila Modu Xabier Yañiz oñatiarrak –Hor Konpon taldeko abeslaria eta gitarra-jotzailea izan zenak– abian jarritako musika proiektu berria da. Andoni Campos eta Oskar Arlanzon taldeko kide ohiek ere proiektuarekin bat egin zuten, Malenkonia taldeko abeslari Roberto Ferreirorekin batera. Akustiko formatuan estreinatu ziren ‘Boza Free’ izeneko lehen singlearekin.

2020an, Gaztea maketa lehiaketan finalista izan ondoren, ‘Absurdoaren paradisua’ izenburuarekin, beraien lehen diskoa kaleratu zuten Elkar zigilupean.

‘Intra’ «disko biribila» bezala deskribatu du Yañizek. Gaur egungo egoera dela eta, hilero grabatu behar izan dituzte atal guztiak. Honek alde guztiak oso zainduak edukitzeko aukera eman du. Letrak ere asko landu dituztela adierazi dute: «Argitasuna emateko egindako kantuak» omen dira, «mezu positiboa helaraziz iluntasuna gainditzeko».

Hortaz, nahiz eta aurreko lanetan kanpoaldeko munduan oinarritu beraien letrak egiteko, orain barnealderantz egon dira begira, beraien ikuspuntua, irizpideak zein jokamoldeak zalantzan jarriz. Taldekideen ustez, «askotan errudunak eta aitzakiak kanpoan aurkitzen ditugu, gehienetan gure barnean dauden arren».

Honetarako, berriz ere bertsolariekin kolaboratu dute, aurreko lanetan bezala.

Ostiral honetan diskoa estreinatuko dute Oñatin, Yañizen jaioterrian. Ondoren, Bilbon (martxoak 17), Donostian (martxoak 25), Gasteizen (martxoak 31), Iruñean (apirilak 7) eta Tolosan (apirilak 30) egongo dira.