NAIZ
Donostia

Joseba Tapiak jasoko du 2022ko Adarra Saria

«Ibilbide luzea, moldakortasuna, herri musika kontserbatu eta zabaldu izana eta akordeioaren gaurkotasuna frogatu izana» goraipatuta, 2022ko Adarra Saria Joseba Tapiari eman dio Donostia Kulturak.

Joseba Tapiak jasoko du aurtengo Adarra Saria.
Joseba Tapiak jasoko du aurtengo Adarra Saria. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Donostia Kulturak Joseba Tapiari emango dio 2022ko Adarra Saria. Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatutako Aholku Batzordeak aho batez erabaki du aurtengo saritua Tapia izatea.

Erabakia hartzerakoan «ibilbide luzea, moldakortasuna (era askotako estiloetan eta musikari handi askorekin frogatu baitu bere musika-bikaintasuna), herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, eta hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, bai eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana ere» hartu dute kontuan.

Tapiak saria partekatu nahi izan du. «Aurretik sarituak izan diren euskal kantari horien belaunaldiko, ekipoko, taldeko sentitzen naiz. Euskal kantari profesionalak gara eta borrokan ari gara euskararen eta artearen alde. Sari hau nire izenean badator ere, nirekin ibili diren eta dabiltzan musikari, teknikari eta profesional guztiekin partekatu nahiko nuke».

Joseba Tapiak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, eta azken lanaren aurkezpena eginen du honen ostetik.

Kontzerturako sarrerak gaur, apirilak 6, jarri dira salgai, 18 euroan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan edota Donostia Kultura webgunean.

Kontzertu honek Tapiak apirilaren 28an Victoria Eugenia Antzokian eman behar zuen kontzertua ordezkatuko du, eta sarrerak ekainaren 21eko kontzerturako baliagarriak izango dira.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak eta Amaia Zubiriak jaso dute saria.