NAIZ

Juan Carlos Irizar musikagilea omendu eta dokumentala estreinatu dute

Emozio handiz bizi izan dute Juan Carlos Irizarren omenaldia Donostiako Aquariumean bildu direnek. ‘Amigos para siempre’ dokumentala ere aurkeztu dute. Bere bizitza errepasatzen da bertan, musikari eta pertsona bezala.

Juan Carlos Irizar musikagilearen senideak, omenaldian.
Juan Carlos Irizar musikagilearen senideak, omenaldian. (UP TO YOU)

Ostiralean urte bat bete zen Juan Carlos Irizar Oñatiko pianista eta musikagilea zendu zenetik, eta lagun eta familikoek bera oroitu nahi izan dute. Ekitaldi bat antolatu dute horretarako Donostiako Aquariumean. Toki honekin erlazio berezia izan zuen artistak, bertako presidente izan zen Bixente Zaraguetarekin konplizitate handia baitzuen. Hala azaldu du Esther Irigaray Aquariumeko zuzendariak.

Ondoren, Xabier Lasagak, bere azken disken aurkezle lanetan ibilitakoak, Irizarrek zituen dohain musikal eta pertsonalak goraipatu ditu. Mendia eta bizikleta maite zituela oroitu du.

Ekitaldiko momenturik hunkigarriena Itziar Aizpurua alargunak hitza hartu duenekoa izan da. Esker ona adierazi die bildutakoei. Kontatu duenez, auditorioa betetzen zuten lagunena berak sortutako familia zela errepikatzen zuen Juan Carlosek; horretaz harro sentitzen zen. Itziarren ondoan izan dira Suhar, Goizeder, Ioritz eta Oinatz seme-alabak.

‘Amigos para siempre’ dokumentala

Euskal musikagile handi honen oroimena ‘Amigos para siempre’ dokumentalean jaso dute senide eta lagunek. Ekitaldian estreinatu dute 50 minutuko lana. Testigantzen bidez Irizarren balioak goraipatzen dira, eta pertsona eta musikari gisa nolakoa zen azaltzen da. Konpositore bezala bere azkeneko hogei urteetan egin zituen lanak agertzen dira, baita kolaboratu zuen elkarteen esker ona ere.

Txikitan hasi zen Irizar musikan; solfeoa, akordeoia eta txistua ikasi zituen, eta geroago baita pianoa eta organoa ere. Donostiako kontserbatorioan ikasi zuen, eta  Madril, Pau eta Erromako kontserbatorioetan ere bai.

Hainbat orkestra gidatu zuen, hala nola Bartzelonako Liceukoa, Paueko kontserbatoriokoa eta Erromako Santa Zezilia akademiakoa. Abesbatzak ere zuzendu zituen; besteak beste, Donostiako Schola Cantorum eta Galdakaoko Zaletasuna, eta Arrasateko Aita Menni erietxe psikiatrikokoa. Azken honetan musikoterapia jorratu zuen.

Halaber, Gasteiz, Zestoa, Getaria eta Galdakaoko musika bandak zuzendu zituen. Musika eskoletan ere jardun zuen irakasle, eta hainbat herritako organista izan zen urteetan.

1981ean grabatu zuen lehen diskoa, eta, hortik aurrera, beste 35 lan inguru eman zituen piano eta orkestrarako musikarekin, musika erromantikoko eta instrumentaleko piezekin osatuak, batik bat. Horiez gain, beste konposizio ugari sortu zituen, askotarikoak: haurrentzako, film eta dokumentaletarako, antzezlanetarako, ballet ikuskizunetarako, hainbat jaialditarako... Dozena bat partitura liburu ere plazaratu zituen.