Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

«Jan nazazu» abestiak ondo maitatzeari buruzko aldarrikapena biltzen du

Maitatzeari ikuskizun poetiko eta musikala egin diote Popatik bandakoek: Xabier Crehuet musikaria, Aingeru Mayor sexologoa eta Ekaitz Goikoetxea bertsolaria. Aste honetan, jaien usainean, aurkeztu dute «Jan nazazu» abestia; gozo, sano, paretik maitatzeari buruzko aldarrikapen dantzatua eta kantatua.

Donostiako Tabakaleran estreinatu zuen Popatik bandak bere emanaldia; abestiak, bertsoak, hausnarketak eta poesiak biltzen dituena
Donostiako Tabakaleran estreinatu zuen Popatik bandak bere emanaldia; abestiak, bertsoak, hausnarketak eta poesiak biltzen dituena (POPATIK BANDA)

Piztu dira jaiak bazterretan. Piztu dira dantzak, gorputzak, kantak, laguntasunak, igurtziak, muxuak, besarkadak. Udako kantetako bat izan asmo duena aurkeztu du asteon Popatik bandak: “Jan nazazu” izenekoa. Proiektu zabalago baten baitako lana da, maitatzeari eskainitako hitzezko eta musikazko aldarrikapena.

Hiru kideko banda da Popatik: Xabier Crehuet kantautore, konpositore eta musikaria; Aingeru Mayor sexologoa eta samurtasun tailerretako sortzailea, eta Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta sortzailea.

«Hainbat kasualitateren ondorioz sortu da. Ekaitz Goikoetxeak eta biok ‘Ipuinetan ez bezala’ abestirako letra sortu genuen eta Xabier Crehueti proposatu genion doinua jartzeko. Kanta horretan haurren transexualitatea landu genuen. Une horretan ikusi genuen hiruron artean gauza ederrak egin genitzakeela eta proiektu poetiko musikal bat sortzeko bidea abiatu genuen. Proiektu horretan mahai gainean honako gaia jarri genuen: maitatzeari buruz hausnartu dezagun eta sor dezagun horri buruzko proiektu bat. Hortik abiatzen da Popatik», azaldu du Aingeru Mayorrek.

Dagoeneko martxa hartuta dago proiektua. Hiru single ezagutzera eman dituzte –azkena, aste honetan– eta hamar abesti biltzen dituen diskoa ontzen ari dira. Irailean aurkeztuko dute diskoa eta garai berean hasiko dute oholtzako bidea, musika eta poesia emanaldiak emango baitituzte Popatik proiektuaren eskutik. Donostiako Tabakaleran estreinatu zuten emanaldia eta pozik daude izandako harrerarekin. «Emanaldian, diskoko hamar kantez gain, poesia, bertsoak, hausnarketak partekatzen ditugu, denak maitatzearen inguruan. Gaur egungo gure gizartean maitatzeari buruz dauden diskurtsoetatik urruntzeko edo, behintzat, aberasteko behar batetik sortzen da proiektua», esan du Mayorrek.

Maitasuna eta maitatzea desberdintzen dituzte proiektuan. «Maitasuna sentimendu oso polita da. Guk kontatu eta kantatu nahi duguna ez da maitasunaren sentimendu eder horren inguruan, maitatzeko moduen inguruan baizik. Eric Frommek ‘maitatzearen artea’ aipatzen zuen, hau da, egiten den zerbait. Eta arte bat bada, egiten den zerbait bada, ikasi, trebatu, findu egin daiteke. Polit eta eder maitatzea egiten den zerbait da, trebatu egin behar gara horretan, eta gure hausnarketa da gizarte honetan ez dela maitatzearen arteari buruzko lanketarik egiten. Badaude inposatutako eredu batzuk eta horietan nagusiena larrua jotzearen ingurukoa da. Guk hortik atera nahi dugu, ereduak zabaldu eta elkartze erotikoaren inguruan beste bide batzuk proposatu, gure ustez gizarte honetan erabat beharrezkoak direnak».

Jaiak eta maitatzea

Festa giroa maitatzeko aproposa izan daiteke. Eta gaizki maitatzearen inguruko ereduak ere hamaika topa daitezke jaiaren inguruan. «‘Jan nazazu’ abestia San Joan egunaren bezperan estreinatu dugu eta kanta horrekin hori da kantatu eta kontatu nahi duguna; elkar maitatu dezakegula ondo, elkar kitzikatuz, elkar ukituz, parez pare jarrita, elkar arnastuz, elkar besarkatuz eta begietara begiratuta elkarri galdetuz ‘zuk nola nahi duzu?’. ‘Nik horrela nahi dut, eta zuk?’. Elkarrekin sor dezagun gu bion arteko jolasa, zure gustuko jolasa eta nire gustuko jolasa», azaldu du abestiaren muina Aingeru Mayorrek.

Festa giroko eta uda usaineko abestiak asko dira, baina zein da zabaltzen duten mezua? «Kantatzeko moduak, proposatzen duten hurbiltzeko modua, daukaten kutsu matxista, inposaketa moralak... guri ez zaizkigu gustatzen abesti horiek. Abesti horien parean, beste era bateko kanta egin nahi genuen, elkar maitatzearen plazera gozotik aldarrikatzen duena. Gaur egungo doinuak erabili ditugu horretarako, reggaeton erritmoak ditu, dantzatzeko da, doinu elektronikoak...». “Jan nazazu” abestia atontzeko Sevillako Gustavo Olmedo musikari eta ekoizlearen laguntza izan dute. «Dantzagarria izateaz gain, maitatzeari eta gozatzeari buruzko mezu eder, gozo eta polit bat zabaltzen duen abesti bat egitea lortu dugula uste dut».

Popatik banda hiru gizonezkok osatzen dute. «Kasualitatea izan da hiru gizonezko elkartu izana proiektu honetan. Baina hirurok arazo bat partekatzen dugu: gizonak gara. Maitatzeari buruzko hiru gizonen begirada jarri nahi izan dugu oholtza gainean, gaur egungo moldeetatik kanpo dagoena eta aldarrikatzen duena gizonak ‘giza onak’ izan gaitezkeela eta bagarela. Gure beste abesti batean esaten dugun bezala, gizona ‘giza ona’ da, maitatzen dakiena. Gaur egungo gizartean saltzen da gizona dela indartsua dena, bortitza, altu hitz egiten duena, besteen gainetik jartzen dena... guretzat hori ez da gizona. Guretzat gizona da maitatzen dakiena eta maskulinitatearen irakurketa hori ere samur eta gozo jarri nahi dugu oholtzaren gainean».

Pentsa zein desberdina parranda gau bat abesti bateko protagonista izan edo beste batekoa izan. «Parranda giroan askotan dantzatzen eta kantatzen diren abestiek zabaltzen dituzten mezuak harremanetara eramaten badira, harreman horiek oso itsusiak bihur daitezke. Sor ditzagun bestelako doinuak eta hitzak dakartzaten abestiak bestelako harremanak sor daitezen. ‘Jan nazazu’ abestian plazerera, sedukziora, sentsualitatera jolastu nahi dugu. Gauza horiek ederrak dira gozo eta eder egiten direnean eta hori da gure asmoa. Espero dugu uda honetan jendeak dantza asko egitea abesti honekin eta letrak dioen gisan, ‘esan diezaiogun elkarri zer eta nola nahi dugun elkarrekin gozatu, elkar gozatu», esan du Mayorrek.

Matxismoak ez ditu emakumeak bakarrik kaltetzen seguruen. Inposatzen dituen maskulinitate eta maitatzeko ereduak zamatsuak dira gizonentzat. «Kalte desberdinak dira, baina argi dut eredu horiekin gizonon bizipenak oso kaskarrak direla, erdipurdikoak. Denok merezi dugu bizitza gozo eta ederra, elkar zaintzan, elkarri begiratuz eta elkar maitatuz. Horra abiatzen bagara, denontzat bizitza duinagoa, gozoagoa eta gizatiarragoa izango dugula uste dut», amaitu du Mayorrek.