Zetak eta Bomba Estéreo eskutik hartuta, ‘Zoriontasuna’ agerian

Igandean estreinatu zuten Zetak eta Bomba Estéreo taldeek ‘Zoriontasuna (la vida es de verdad)’ abestiaren bideoklipa eta dagoeneko 20.000 erreprodukziotako langa gainditu du Pello Reparaz eta Li Saumet protagonista diren ikus-entzunekoak.

 

Irailaren 11 egun seinalatua da mundu mailan eta egun hori hautatu zuten Zetak eta Bomba Estéreo taldeek ‘Zoriontasuna (la vida es de verdad)’ abestiaren bideoklipa kaleratzeko. Iluntzeko 19:00etan izan zen estreinaldia eta orduan ezagutu ahal izan genuen Fani Adjanik zuzendutako ikus-entzuneko koloretsua. Arte zuzendaritzan Orly Anan izan du laguntzaile Adjanik eta Mexiko Hirian grabatua izan da 2022ko udaberrian. 

«E o a, e e o a» formula arrakastatsua errepikatu da kasu honetan ere, itsaskor, baina Zetaken ohiko elektronika talde kolonbiarraren eraginetara bideratu eta kunbia estiloaren kutsu nabarmena duela esan dezakegu, udagoieneko festetarako ereserki berri bat sortuz.

Kantuaren bilakaera

2021eko urrian Bilboko Euskalduna jauregian egin zen BIME jaialdian erein zen ‘Zoriontasuna (la vida es de verdad)’ kantuaren hazia, bertan hasi baitziren hartu-emanetan Zetak eta Bomba Estéreo taldeak. Gerora, 2022ko udaberrian egin zen Bogotako BIME azokan aurkeztu zuten ofizialki kantua Pello Repararez eta Li Saumetek. Lehendabizikoak musika eta hitzetan jarri du bere alea eta, bigarrenak, berriz, hitzetan eta ahotsean egin ekarpena. Lehendabizikoz apirilean egin zen ZEID Fest jaialdian entzun ahal izan genuen BECeko Bizkaia Arenan abestia, orduan jo baitzuen estreinakoz abestia Zetak taldeak. 

Hala ere, gauzak ez da esperotako datan etorri kantua, izan ere, bateko eta besteko, ekainaren 10erako espero zena abuztuaren 26an egin zuten publiko Zetak eta Bomba Estéreo taldeek, baina ordutik hona Spotify plataforman 250.000 entzunaldi pilatu ditu kantuak. Ikuskizun dago bideoklipak zer nolako ibilbidea egingo duen.