NAIZ

‘Ezin disimulatu’, Gatiburen lan berriko lehen singlea kalean da

‘EHDistopikala’ disko berriko lehen singlea eta bideoklipa eman ditu argitara Gatibu taldeak ostegun honetan. ‘Ezin disimulatu’ da kanta berriaren izenburua.

‘Ezin disimulatu’ abesti berria eta bideoklipa kaleratu ditu Gatibu taldeak gaur eguerdian. ‘EHDistopikala’ disko berriko lehen singlea da.

Josep Jorba Vidalek zuzendu bideoklipa. Poca Broma Producciones ekoitzia, Pau Ballesté izan da ekoizpen laguntzailea.

Gatibuko kideek ohikoa duen gisan, gorputza eta izpiritua astintzeko gonbita luzatzen digu Gernikako laukoteak, Alex Sardui abeslariak, Mikel Caballero baxuak, Gaizka Salazar bateriak eta Haimar Arejita gitarristak.

Erritmo anitzak

Lan berria Emili Boschek ekoitzi du eta erritmo ugariak izango ditu, pop elektronikoa, funkya, aire latinoak eta tropikalak. 80. hamarkadan ezagun egin zen Euskal Herria Tropikalari egiten dio erreferentzia izenburuak, baita izurriak eta larrialdi klimatikoak jendartean eragin duten etorkizun distopiko ia apokaliptikoari ere.

Datorren urteko martxoaren 18an aurkeztuko du diskoa talde gernikarrak zuzenean Bilbao Arenan. Zaleak zain dira. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Bi urte joan dira Gatibu taldeak bere azken estudioko lana kaleratu zuenetik, ‘Musikak salbatuko gaitu’. ‘Zoramena’ (2002), ‘Disko infernu’ (2005), ‘Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik’ (2008), ‘Zuzenean bizitzeko gogoa’ (2010), ‘Zazpi kantoietan’ (2012), ‘Euritan dantzan’ (2014), ‘Aske maitte, aske bizi’ (2016) eta ‘Azken indioak’ (2018) lanek osatzen dute gernikarren diskografia.