NAIZ

Euskarazko neologismoak ardatz izango dituen egitasmoa jarri du abian UZEIk

UZEI erakundeak euskarazko neologismoak ardatz izango dituen Neoloteka egitasmoa jarri du martxan, eta euskaraz sortzen eta erabiltzen diren hitz eta esamolde berriak bilduko ditu bertan. Ostiral honetan sarean jarri duen webgune berrituan kontsultagai izango da.

UZEI terminologia eta lexikografia zentroak Neoloteka abiarazi du.
UZEI terminologia eta lexikografia zentroak Neoloteka abiarazi du. (UZEI)

UZEI terminologia eta lexikografia zentroak Neoloteka abiarazi du, kontzeptu eta errealitate berriak izendatzeko euskaraz erabiltzen diren hitzak eta esamoldeak biltzeko. Proiektuak erreferentzia gisa inguruko hizkuntzetan izandako antzeko esperientziak hartzen ditu, eta hitz eta esamolde berriak txertatzen joango da etengabe. Publikoak webgunearen bidez bidali ahal izango ditu bere proposamenak.

Ohar batean UZEIk adierazi duenez, «lexikoaren bilakaera errealari jarraipena egitea behar beharrezkoa da edozein hizkuntzarentzat, eta, are gehiago, euskara bezala normalizatze-bidean dagoen hizkuntza batentzat».

Horregatik, UZEIren Neolotekak etengabe bilduko ditu euskarari gehitzen zaizkion esamolde eta terminoak (neologismoak). «Euskarak beste hizkuntzetatik mailegatzen dituen edo euskaratik bertatik hiztunok sortzen ditugun forma berriak monitorizatzeak eta aztertzeak informazio baliotsua eman dezake euskarak biziberritzeko erabiltzen dituen estrategia linguistikoak ezagutzeko», adierazi du UZEIk.

Antzeko esperientziak

Neolotekaren helburua behatoki bat sortzea da, euskaraz sartu berri diren forma lexikoak identifikatu, bildu, berrikusi eta edonoren eskura jartzeko.

UZEIren arabera, horrelako proiektuak ohikoak dira beste hizkuntza batzuetan, eta horren adibide dira, besteak beste, katalanaren eta gaztelaniaren neologismoen behatokiak. Euskarak ere horrelako ekimenak behar dituela ikusita, UZEIk Neoloteka martxan jartzearen aldeko apustua egin du.

Neolotekan, euskarazko erabilera izan arren, erreferentziazko lan lexikografikoetan oraindik jaso ez diren hizkuntza-formak sartuko dira, baina horrek ez du esan nahi hitz edo esamolderen bat hiztegiren batean jaso ez denik, UZEItik zehaztu dutenez.

Nolanahi ere, Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailearen paperezko azken bertsioa (2016koa) erabiliko da baztertze-corpus gisa, eta, beraz, lan horretan agertzen diren formak ez dira Neolotekan bilduko.

Neolotekan forma lexiko berriak txertatzen joango dira etengabe, ziurrenik, hilean 20 sarreratako erritmoan. Publikoak, halaber, termino eta esamolde berriak eranstea proposatu ahal izango du, webgunean eskuragarri jarri den formulario baten bidez.

Proiektu honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du, Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez.