Emakume panderojoleei omenaldia egin die Kepa Junkerak ‘Erromeriak’ diskoan

Kepa Junkerak hainbat herrialdetako 40 emakume panderojole baino gehiago bildu ditu ‘Erromeriak’ proiektuan. 2018an iktusa jasan zuenetik, musikari bilbotarraren etapa berriko lehen diskoa da.

Kepa Junkerak 'Erromeriak' diskoa aurkeztu du astearte honetan Bilbon.
Kepa Junkerak 'Erromeriak' diskoa aurkeztu du astearte honetan Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Kepa Junkerak panderetari omenaldi berezia den ‘Erromeriak’ disko berria aurkeztu du astearte honetan. Orokorrean, musikariak Euskal Herria, Kantabria, Asturias, Galizia, Leon, Valladolid eta Portugaeko 40 emakume panderojole baino gehiago bildu ditu proiektu honetan.

Bere etapa berriko lehen diskoa izan arren, ‘Erromeriak’ lanean Junkera 2018an iktusa jasan baino lehenago lantzen ari zen zortzi abesti berri aurkitu ditzakegu. «‘Berpiztu’ proiektua bukatu aurretik, Kepa disko berri batean pentsatzen hasi zen», azaldu du Olatz Goikouriak.

Zortzi kanta horiei dagokienez, Mikel F. Krutzagak zehaztu du nola grabatu den ‘Erromeriak’ diskoa: «Kepak pista guztiak grabatu ditu. Berarenak dira trikitixa eta perkusio konposizio guztiak».

«Panderojole bakoitzak bere zatia grabatu zuen eta amaieran muntatu eta nahasketa egin nuen nik, Keparen zuzenketekin». Hau izan da azken 25 urteetan jarraitu duten «prozesu berbera» eta, zehaztu duenez, «Kepa egon da denbora guztian prozesu honen gainean».

Beraz, Krutzagaren ustez, ‘Erromeriak’ lanean topatu daitekeena da Junkeraren aurreko edozein diskotan entzuten duguna: «Trikitixaren indarra, panderetak, trantsizioak, moldaketak... Gustatuko da».

Beste zazpi kantak beretzat bereziak diren grabazioak dira, proiektu honetarako moldatu direnak, hala nola ‘Aurresku’ kanta, Bilboko Plaza Barrian grabatuta ‘FOK’ diskoaren aurkezpenean Basque Fest Festibalean, edo ‘Sardinnia’, Nugoresas taldearekin eta Carlo Boedduk zuzenean grabatuta Nuoro herrian.

Horrez gain, Junkerak Koldo Gezuraga Seijido bertsolaria izan du ‘Serrana mia’, ‘Jotas de Kantabria’ eta ‘Agua de Limon’ kanten letretan, baita Yeray Rodriguez eta Miguel Cadavieco inprobisatzaileak ere, ‘Gastronomik’ eta ‘Limonada’ abestietan, hurrenez hurren.

Lan hau Junkeraren amari, aititeri eta «bere ondarea transmititu zioten emakume panderojole guztiei» omenaldi bezala pentsatuta dago. Horregatik, berritasun gisa, trikitilari bilbotarrak ‘Erromeriak’ diskoa bere bi abizenekin sinatu du: Kepa Junkera Urraza.

Panderojoleak, «eskertuta»

Bideokonferentzia bidez diskoan parte hartu duten hainbat panderojolek hitz egin dute aurkezpen ekitaldian. Guztiak «eskertuta» agertu dira Junkerarekin lan egin ahal izanagatik eta musikariaren ibilbide luzea ere goretsi dute. «Kepak magia egin du, musika tradizionala bizirik mantentzeko aukera eman digu», azaldu dute Leonetik Beatriz Gutierrez eta Sara Gomez Gritsanda taldeko kideek.

Emakumeei eta panderetari egindako omenaldia ere eskertu dute panderojoleek. Horrela nabarmedu du Sonia Navas A Coruñako Kadrou taldeko kideak: «Disko hau Kepak egin digun opari bat da, isiltasun urte batzuen ondoren. Hunkigarria da egin duena, emakume panderojoleei ahotsa ematea».