CONTENU SPONSORISÉ

Santutxuko jaiak inoiz baino indar handiagoarekin itzuliko dira

Asteburu honetan Santutxu izango da Bizkaiko jaietako gune nagusia. Aurten, gainera, inoiz baino indar handiagoarekin itzuliko dira, antolatzaileek ahalegin berezia egin baitute gastronomia, kirola eta kontzertuen arloetan. Santutxun ez ezik, Zaldibarren eta Amoroton ere jaiak ospatuko dituzte.

Gastronomia eta musika, Santutxuko jaietako osagai nagusiak.
Gastronomia eta musika, Santutxuko jaietako osagai nagusiak. (Monika DEL VALLE)

Santutxun larunbata arratsaldean (uztailak 8) botako dute txupinazioa, oraingo honetan Santutxu Mendi Taldearen eskutik. Hortik aurrera, festa giroa uztailaren 16a arte luzatuko da eta, bederatzi egun horietarako, auzotar guztiak kontuan hartuko dituen egitarau zabala prestatu du jai batzordeak.

Aurten, gainera, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute zenbait ekitaldi indartzeko. Horrela, gastronomia arloan, jaietako lehen egunean ospatuko den marmitako eta bakailao txapelketetan, inoiz baino sari gehiago izango da auzoko dendariei esker. Txapelketa nagusi horretaz gain, beste sei lehiaketa gastronomiko izango dira: pasta, paella, koktel, tortilla, postre eta sukalki txapelketak.

Kirol arloa ere berrindartuta itzuliko da. Horrela, aurten emakumeen arteko areto futbola itzuliko da eta, lehen urtez, emakumeen eskupilota txapelketa antolatu dute. Kanporaketak uztailaren 12an izango dira (asteazkena) eta finalak uztailaren 14an (ostirala).

Kontzertuei dagokionez, aurten inbertsio handia egin dute eta ia egunero emanaldiak izango dira Basarraten: Urrats erromeria (larunbata 8), herriko musikarien maratoia (asteartea 11), My Bastard Friend (asteazkena 12), Ambigu Fluor DJs (osteguna 13), Rebeca Lane, Niña Coyote eta Chico Tornado (ostirala 14) eta FRAC, Txopet eta Benetan Zoro (larunbata 15).

Azkenik, jai batzordeak playback txapelketa berrindartzen saiatzen ari dela jakinarazi du, garai batean zuen indarra eta ospea berreskuratzeko.

Santutxuko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Duran Santutxu, Txikia Taberna, Bodega Bide, Herrikoa.

Baina Bizkaian izango dira asteburu honetan jaiak ospatuko dituzten beste herri batzuk, Zaldibar eta Amoroto, esaterako. Zaldibarren ostegunean hasi zituzten jaiak Zaldua Kirol Elkarteak botatako txapliguarekin, eta igandera arte luzatuko dira. Gauero kontzertuak izango dira txosnagunean, eta larunbatean erromeria Beranduegi taldearekin. Igandean, bertso saioa izango da Zaldua plazan eta bertan izango dira Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Joanes Illarregi.

Amoroton, bestalde, asteartean hasi zituzten jaiak eta larunbata honetan bukatuko dira. Ostiralean (uztailak 7) talde ezagunen kontzertuak izango dira frontoian: Itziarren Semeak, Xiberoots eta Kaleko Urdangak. Eta larunbatean kuadrillen arteko paella lehiaketa, bazkari herrikoia eta bertso-triki poteoa izango dira, Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin bertsolariekin eta Gari eta Iñaki trikitilariekin. Aurtengo jaiak amaitzeko, Bide Batez erromeria eta Malakias eta DJ Ramix-en emanaldiak izango dira.