NAIZ

Fermin Muguruzak euskaraz abestu du El Columpio Asesinoren ‘Babel’ kantuaren bertsio berrian

Luxuzko bi gonbidaturekin osatu du El Columpio Asesino talde nafarrak ‘Babel’ kantuaren bertsio berria: Fermin Muguruza eta Joseba Irazoki. Lehenak euskaraz abestu du eta bigarrenak ere bere ukitua eman dio gitarrarekin. Kantua sareetan da jada.

Agur biraren atarian da El Columpio Asesino talde nafarra eta, udari amaiera emateko, soinu berri batekin aurkeztu du bere ‘Babel’ kantu ezaguna; soinu berriarekin, eta luxuzko gonbidatuekin. Izan ere, Fermin Muguruzak euskaraz abestu du bertsio berrian eta Joseba Irazokik, aldiz, ukitu berria eman dio kantuari bere gitarra jokoen bidez.

Suicide taldearen ‘Ghost Rider’ kantuko riff batean oinarri hartuta konposatu zuten nafarrek ‘Babel’ kantua, eta ‘Ballenas muertas en San Sebastián’ (Mushroom Pillow, 2014) diskoan ikusi zuen argia. Krisi betean sortutako kantua da, batetik 15M mugimenduari egiten diolako erreferentzia eta, bestetik, taldearen barne krisialdi garaian sortu zelako: soinu berri baten bila, sei hilabetez mendialdeko herri batean isolatu ziren taldekideak.

‘Babel’-en bertsio berriko ekoizpen lanak Arizaleta anaiek eta Daniel Uleciak egin dituzte eta Fermin Muguruza da protagonista: taldekideek behin baino gehiagotan aitortu dute musikagile irundarra euren gaztaroko erreferenteetako bat dela. Bertsioan, kantuaren zati bat euskaraz abesten du Muguruzak, ohikoa duen energiaz. Taldekideek azaldu dutenez, irundarrari askatasun osoa eman diote kantua nahi bezala moldatzeko, «guztizko konfiantza» baitzuten bere irizpidean.

Kantuan, gainera, euskal eszenako gitarra-jole onenetarikoa den Joseba Irazokik ere hartu du parte, ‘Babel’-i bestelako ukitu berezia emanez.

Bideoklipa, bere aldetik, Iñaki Lopez Perez-ek (CUTo) egin du, eta bertan Muguruza eta El Columpio Asesinoko taldekideak ikus daitezke, irudi distortsionatu baten atzean.

El Columpio Asesinok irailaren 14an ekingo dio ‘Gira Amarga Baja’ agur birari, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko duen kontzertuaren bidez.