NAIZ

Zientzian eta teknologian berdintasuna bermatzeko nazioarteko biltzarra Donostian

Zientziaren eta teknologiaren alorreko sexu-genero ezberdintasunak gainditze bidean eta proposamenak sortzeko nazioarteko biltzarra antolatu du Emakundek nazioarteko zientzia komunitatearekin batera; urriaren 23an eta 24an izango dira Donostiako Miramar jauregian.

Gaur goizean aurkeztu dute nazioarteko biltzarra, Donostian.
Gaur goizean aurkeztu dute nazioarteko biltzarra, Donostian. (Jon Urbe | FOKU)

'Berdintasuna, Zientzia eta Teknologia paradigma aldaketa baten alde' izeneko nazioarteko biltzarra egingo da Donostiako Miramar jauregian urriaren 23an eta 24an. Nazioarteko adituak bilduko ditu zientziaren eta teknologiaren eremuan emakumeen eta gizonen artean sexu-genero sistemak eragindako arrakalak aztertu eta beharrezko eraldaketarako bideak jorratzeko.

Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, Txema Pitarke CIC nanoGUNE ikerketa zentroeko zuzendariak eta Lorena Fernández Deustuko Unibertsitateko nortasun digitaleko zuzendariak aurkeztu dute urrian egingo den biltzarra asteazken honetan.

CFM, CIC, nanoGUNE, CIC biomaGUNE, POLYMAT eta Achucarro ikerketa zentroetako eta Elhuyar, EHU, Deusto eta Ikerbasqueko ordezkariek osatutako batzorde zientifiko batek garatu du programaren diseinua, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearekin eskuz esku lanean.

Melgosak azaldu duenez, Berdinaldia berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren aldeko herri itunaren barruan kokatzen da biltzarra. Ituna 2022ko ekainean aurkeztu zen, eta aurten bi konpromisotan jarri dute arreta: emakumeen eta nesken ahalduntzea eta eraldaketa digitala. Gogorarazi du paradigma aldatu behar dela eremu horretan, 2030eko Agenda eta Garapen Jasangarriko helburuak egi bihurtu ahal izateko.

Teknologia berdintasunerantz egiteko

«Konpromiso horren arabera, teknologia digitalak aprobetxatu behar dira genero berdintasunerantz aurrera egiteko eta indarkeria matxista murrizteko; ekintzak sustatu behar dira neskei eta emakumeei STEAM hezkuntzarekiko interesa eta konpromisoa areagotzeko zientzian, teknologian, ingeniaritzan, arte eta matematikan; eta diseinuan, produkzioan, berrikuntzan eta teknologian dauden emakumeen lidergoa erakutsi behar da, besteak beste», azaldu du.

Bestalde, Elgarrestak azaldu duenez, biltzarraren helburuen artean daude arau esparrua, politika publikoak eta zientziaren eta teknologiaren erronkak berdintasunaren ikuspegitik aztertzea, eta inplikatutako erakundeen eguneroko jardunean genero ikuspegia txertatzeko tresna zehatzak ematea.

Halaber, emakumeek zientzian eta teknologian duten zereginaren eta bokazio zientifikoaren aintzatespena sustatu nahi da, bai eta emakumeentzako berdintasunezko eraldaketa digitala, inklusiboa, segurua eta eskuragarria ere.

Azaldu du topaketaren xedeen artean ere badagoela «nagusi den maskulinitate ereduak bikaintasun zientifikoaren nozioan duen eragina eta gizonek eremu horretan duten zeregina» lantzea.