NAIZ

‘Abendua’, Nøgen taldearen single berria La M.O.D.A.-ren kolaborazioarekin

La M.O.D.A. taldeko Nacho Mur eta David Ruizekin elkarlanean garatu du ‘Abendua’ singlea Nøgen taldeak. Denok bizi ditugun momentu zailen inguruan hitz egiten du kanta berriak, eta Åben Cirkel diskaren aroari ematen dio hasiera. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira kontzertuak.

Nøgen-en ‘Abendua’ azken aurrerapen kantak denok bizi ditugun momentu zailen inguruan hitz egiten du. Zeinen urruna dirudien irteerak, guztia gaizki dagoela dirudienean. Eta aldiz, zeinen gertu dagoen berau askotan, norbera izanik gatazka eta giltzarri. Buruari klik egin eta urtea zerotik hasteko beharra; edota abendua amaitzea urtearen erdian.

Kanta hau, gainera, La M.O.D.A. taldeko Nacho Mur eta David Ruizekin elkarlanean garatua izan da. Lehena ekoizpen lanetan, eta bigarrena, bere ahots ikonikoarekin euskaraz kantatzera ausartuta.

Abesti berri honek duela gutxi iragarri den Åben Cirkel diskoaren aroari emango dio hasiera. Diska berriarekin hiru urteko isilunea etengo du Nøgenek. Horretarako, lehen aurkezpen bira iragarri dute jada, 2024 urtean zehar luzatuko dena. Zuzenerako proposamen musikal eta eszeniko osatu bat landuko dute, aurrez ‘Abendua’ kantan printzaren bat ikusi ahalko dena.

Talde donostiarrak aurreratu duenez, azaroaren 3an argitaratuko da diska berria.

Gainera, hurrengo kontzertuak iragarri dituzte: Iruñean (Zentral) azaroaren 17an; Gasteizen (Jimmy Jazz) azaroaren 18an; Bilbon (Kafe Antzokia) azaroaren 24an; eta Donostian (Dabadaba) azaroaren 30ean.