Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Ainhoa Garmendia
Sopranoa, Opus Lirica elkartearen sustatzailea

«Opera ez dago hilik, bizirik dago»

Alemaniaren eta Euskal Herriaren artean bizi da. Kantari bezala nazioarteko agertokiak zapaldu ditu azken bi hamarkadatan. Donostiak ere opera denboraldia izan dezan ahalegin betean ari da azken hamar urteotan. ‘L’elisir d’amore’ obraren ekoizpen berria dakar Opus Liricak otsailaren 23 eta 24ean.

Ainhoa Garmendia sopranoa.
Ainhoa Garmendia sopranoa. (Jon URBE | FOKU)

Kantuari loturik dago Ainhoa Garmendia (Legorreta, 1974). Europako antzoki entzutetsuenetan soprano bezala jardun du –lan ezagunenetako pertsonaiak gorpuztu ditu–. Azken urteotan irakasle eta coach bezala ere ari da.

Donostiak opera denboraldia zuela amets egin zuen behin eta hari jarraiki ekin zion lanari. Aurretik ez zegoen eskaintzarik alor honetan. Erronka ez zen nolanahikoa. Bidea malkartsua izango zenaren jakitun ekin. Taula gainera eramandako lehen izenburu bera, aukeratu dute hamargarren urteurrena ospatzeko. ‘L’elisir d’amore’.

Esanahi berezia du. «Opera honekin hasi genuen Opus Lirica proiektua», gogoratu du.

Gaur egunera ekarri

Izenburua bera, baina muntaia ezberdina. «Ekoizpen honetan ikusiko duguna erabat desberdina da duela hamar urtekoarekiko», zehaztu du. Aire berriak dakartza oraingoan. «Produkzio hau modernoagoa  da. Istorioa institutu batetan girotu dugu, eguneroko bizitza islatukoz».

Hamar urte ez dira alferrik joan. «Gauzak asko aldatu dira, guk ere asko ikasi dugu, eta denboraldiak ere aldatu egin dira. Azken hamar urteotan eboluzio naturala gertatu da zentzu guztietan, alor batzuetan onerako, besteetan txarrerako. Opera ere etengabeko garapenean dago».

Ibilbidearen hasierako muntaketa 20ko hamarkadan kokatu zuten. «Kasu honetan teknologia aldetik eta azken hamar urteotan ikasi dugun guztiagatik aberatsagoa da zentzu askotan. Lantaldeak ez du zerikusirik, ezin da alderatu, hamar urteotan zerbait lortu badugu ekipo profesionala osatzea da. Handiagoa, hobea, kideak prestatuta daude. Ez dugu inoiz bukatuko ikasten, horretan jarraituko dugu, baina hamar urte dira… eta horrek isla du produkzioetan. Beste erronka bat da baina bagaje horrekin».

«Hamar urteotan eboluzio naturala gertatu da zentzu guztietan, alor batzuetan onerako, besteetan txarrerako. Opera ere etengabeko garapenean dago»

Lan klasikoak gaur egunera ekartzeak entzule berriengana iristeko bide eman dezake. «Opera publiko zabalarengana hurbiltzea da gure helburua. Erakutsi nahi dugu opera ez dagoela hilik, bizirik dagoela. Gazteentzat eta mundu guztiarentzat egokia, interesgarria eta aberatsa da», esan du.

Iker Sanchez Silva da musika zuzendaria; Pablo Ramos eta Carlos Crooke eszena zuzendariak; eta Mariia Knihnytska (Adina), Imanol Laura (Nemorino), Alba Fernandez (Gianetta), Kong Xiangfeng (Belcore), Xavier Casademont / Christoph Schweizer (Dulcamara) kantariak.

Kantari gazteak

Pozik dago ekoizpen berrian parte hartuko duen kantari taldearekin. «Oso gustura nago. Gazteak dira, energia eta gogo asko dutenak, talentu handiko jendea da. Imanol Laura Irungoa da eta bere debuta izango da Kursaalean, horixe azpimarratuko nuke. Niretzat sorpresa izan zen, ez nuen ezagutzen etxekoa izanda. Lehiaketari esker ezagutu ahal izan genuen», kontatu du.

Xavier Casademont izan ezik gainontzeko abeslari denak Opus Liricak antolatzen duen opera kantarien lehiaketatik ateratakoak dira. «Euskal Herrian ez dago kantuko beste lehiaketarik. Hirugarren edizioa egingo dugu aurten. Uztailaren 13an Victoria Eugenia antzokian –lehen aldiz– izango da finala. Fruitu onak ematen ditu, egia esan. Edizio bakoitzean mundu osoko 60 abeslari etorri dira, hogei herrialdetik gora urte bakoitzean. Sekulakoa izan da. Aurten ere berdindu edo gehitu egingo dira kopuruak, Victoria Eugenia antzokian egitea handia da-eta», aitortu du.

(Jon URBE | FOKU)

Aipatzekoa da beste lehiaketetan ez bezala Donostiakoak ez duela adin mugarik. «Leku askotan 30 urtera arte mugatzen dute eta guri ez zaigu komenigarria iruditzen. Are gehiago, operan egokiagoa da adin gehiago edukitzea, izan ere gaztetxo batek ezin du egin ‘La Traviata’ko aitaren rola. 20 eta 50 urte arteko kantariak aurkeztu izan dira orain arte, gehianek 30 urte ingurukoak», adierazi du.
Han-hemengo kantariak –gazte eta ez hain gazte– aukera baten bila dabiltzanaren seinale. «Erakusten ari gara balio duela, gero abeslariak kontratatzen ari gara-eta», dio.

Lehiaketaren azken saioko epaimahaia nazioartekoa da, antzokietako zuzendariez, agenteez edo opera estudioko zuzendariez osatua. «Iaz Alemaniako bi antzokietako ordezkariak etorri ziren, bi partehartzaile aukeratu zituzten eta euretako bat, Alemaniara doa lanera. Sariak ematen ditugu guk, baina epaimahaikideen bidez suertatu daiteken lana da gaur egungo saririk onena».

Damurik ez

Duela hamar urte egindako apustuaz inoiz damutu den galdetuta, barre algara egin du. «Galdera hau ez dit inork inoiz egin, ona da! Momentu oso gogorrak daude. Orain ere ekonomikoki oso gaizki gabiltza. Dirulaguntzak eskatzen jarraitzen dugu eta ez dira iristen guk nahi adina. Batzuk baditugu, eta horiek gabe dagoeneko ez ginateke hemen egongo, ezingo genuke ezer egin. Baina gutxi da, gehiago behar da. Horrekin ezin da proiektua aurrera atera. Taldekideok ari gara gehien sufritzen, badira uneak ezin duguna bizimodua atera».

«Hori esanda, egia da ezin duzula horrelako proiektu batetaz damutu. Bizi esperientzia da. Heldutasuna eman dit zentzu guztietan, pila bat ikasi dut. Ez dago Unibertsitate bat irakatsiko didana proiektu honekin ikasi dudana. Ikaragarria izan da. Gauza asko eman dizkit eta proiektua zoragarria da. Berriro egingo nuke baina gogorra da», jarraitu du.

«Dirulaguntzak eskatzen jarraitzen dugu eta ez dira iristen guk nahi adina. Batzuk baditugu, eta horiek gabe dagoeneko ez ginateke hemen egongo»

Jende asko hurbildu da eurengana. «Operarik ez luke sekula ikusiko Donostian aukerarik emango ez balitzaio. Ikusle asko dira baina gehiago behar dugu. Obren difusiorako diru asko behar da, konplikatua da».

Publikoaren erantzuna esperotakoa izan da? «Produkzio handietan –‘Carmen’ eta ‘Traviata’– Kursaala beteta izan dugu, 3.000 pertsonatik gora bilduta. Hori sekulakoa da. Beste izenburuekin gehiago kostatzen da. Gero pandemia etorri zen eta burua altxatzen ari gara, oraindik ez gaude lehen bezala. Gehiago kostatzen da sarrerak saltzea. Zergatik? Dinamikak aldatu egin dira, krisian gaude... faktore asko daude baina errealitatea da kultura asko ari dela sufritzen». Bilbon ABAOk denboraldi indartsua du aspalditik beraz Bizkaitik zale gutxi hurbiltzen da Kursaalera. Gipuzkoarrei Ipar Euskal Herrikoak gehitzen zaizkie. «Bertako biztanle ugari dira operazaleak. Bilbora joaten dira eta Donostiara ere bai», kontatu du.

Ikusleen harrobia

Garmendiak garbi du. «Guk ezin dugu Bilboko denboraldiarekin konpetitu, inola ere. Gure kontzeptua desberdina da. Beharrak hala bultzatuta, eta horrela sinesten dugulako. Xumeagoa eta hurbilagoa da gurea, bai prezioei dagokienean eta produkzioei begiratuta. Operara lehen hurbilketa egiteko ideala da gurea. Gu harrobia egiten ari gara ikusleei dagokienean. Operaren mundua ezagutu gabe ez da inor Bilbora joango, oso zaila da».

Gure ustearen kontra, gazteen aldetik erantzun ona jasotzen dute. «3 eurotan eros dezakete sarrera 30 urtez beherakoek. Salmentaren azken orduerdian izaten da eta ehundik gora gazte egoten dira ilara egiten; zoragarria da».

Poza bai, baina koste ekonomikoa ere bai. «Guretzat izugarrizko sakrifizio ekonomikoa da. Gustura egiten dugu, ahalik eta gehien hurbildu behar dugu gazteengana, baina dugun aurrekontu murriztuarekin izugarrizko esfortzua eskatzen digu. Datozen denak onartzen ditugu, ez dugu nahi gazteak sartu gabe geratzea,  hain prezio merkean ez bada ez dira etorriko. Sarrera ohiko prezioan jarriz gero –25 da merkeena– lortuko genukeen dirua galdu egiten dugu eta ez dugu beste modurik eskuratzeko. Gazteek badakite sartuko direla azken unean eta ez dute esfortzurik egiten 25 euro ordaintzeko. Baina guretzat aldea handia da taldekideei ordaintzeko».

«Gogorra da. Kontuan izan gu geu ez garela ari kobratzen, ez daukagu dirurik geure burua ordaintzeko. Oso muturreko egoeran gaude hamar urte pasa ondoren. Estatuak dauka atera beharra txartel bereziren bat gazteentzat, baina ez guk. Oso txikiak gara oso asumitu ahal izateko. Ezin dugu», gaineratu du.

Badu bete gabeko amets bat. «Ulertzea kalitatezko kultura inportantea ez, beharrezkoa dela heziketarako. Kultura baloratzea eta jabetzea ez dela denbora pasa, benetan garrantzitsua dela, bizitzak alda ditzazke kulturak. Hori ulertzea, ez det besterik eskatzen. Askok kontzertuak doan izan behar dutenaren mentalitatea dute, kultura doan. Gizarte bat ondo egoteko kultura behar da. Dirua kostatzen da eta inbertsioa da politikan. Baina goitik ez bada ulertzen kultura inbertsioa dela...»
Argi dio. «Kulturan ez dit denak balio, ondo egina behar du izan. Hori da gure borroka. Nola egin hain diru gutxirekin? Gure aldetik Opera Txiki egitasmoa dugu martxan, hilaren 22an bi ikastolako ikasleak datoz operara, adibidez. Eta 25ean familiei zuzendutako emanaldia dugu. Egitasmo hauek umetatik kalitatezko kultura eskaintzea dute helburu. Oso garrantzitsua da».