NAIZ

Barne ahotsari begira jarri da Olatz Salvador ‘Basan’ kantu berrian

Olatz Salvadorrek ‘Basan’ kantua sareratu berri du, bere hirugarren bakarkako lana izango denaren aurrerapen kantua. «Azalberrituta» datorrela aurreratu du kantari donostiarrak eta, aurrerapen kantuan, norbere barne ahotsa entzuteko beharrean jarri du azpimarra.

Audio_placeholder

Barne ahotsari begira jarri da Olatz Salvador ‘Basan’ kantu berrian

Loading player...

Olatz Salvador kantari donostiarrak ‘Basan’ kantua eta honen bideoklipa sareratu berri ditu. Abestia bere bakarkako hirugarren diskoa izango denaren aurrerapen kantua da eta, Baleunkatik azaldu dutenez, lan berri honetan «azalberrituta» agertuko da Salvador.

‘Basan’ kantuaren bideoklipean, «argi bilaketaren bidaia» bat proposatzen du donostiarrak, eta itsasoa eta sua bezalako elementu iradokitzaileekin jokatzen du norbere barne ahotsa entzutearen beharrean harreta jartzeko.

«Zalantzari kantu bat da, kaosaren erdian norbere barne ahots hori berreskuratzeko grina, galbideari lekua egin eta hortaz gozatzeko ikasteko dei bat», gaineratu dute. «Zainak ematen diguna entzuteko momentua. Mundu basati honetan zerbaitekin konektatzeko beharra», borobildu dute azalpena.

Bideokliparen iruditeriari dagokionez, abeslari donostiarrari bota zioten tarot karta batean duela oinarri azaldu dute.

Salvadorrek hilabeteak daramatza Kataluniako Olivera estudioetara joan etorriak egiten, bertan ari baita ekoizten eta grabatzen disko berrirako kantuak. ‘Basan’-ek duen soinua esperientzia berri honen emaitza eta, aldi berean, diskoak izango duen kutsuaren aurrerapena ere bada.

NAIZ Irratiko Informazioaren Haria saioan izan da kantua aurkezten ostiral goizarekin. Kantua eta bideoklipa ere plataforma nagusietan daude jada.