Itziar Laka, euskararen garapen zientifiko eta kulturalari egindako ekarpenagatik saritua

Itziar Lakak jasoko du 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria. Euskarari eta elebitasunaren gaineko ikerketaren bitartez, euskararen eta Euskal Herriko garapen zientifiko eta kulturaren inguruan egindako ekarpena aitortu diote horrela.

Itziar Laka, sariduna.
Itziar Laka, sariduna. (EUSKO IKASKUNTZA)

Itziar Laka hizkuntzalaritzan katedradunak jasoko du 2024ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria.

Eusko Ikaskuntzako, Musikeneko eta Laboral Kutxako ordezkariek osaturako epaimahaiaiak balioan jarri duenez, hizkuntzalariak «ekarpen berritzaileak eta pisu handikoak» egin ditu euskararen garapenerako eta hizkuntza-gaitasunak gobernatzen dituzten mekanismoetan sakontzeko.

Esaterako, 2010ean hizkuntzalaritza esperimentala eta neurohizkuntzalaritza lantzen dituen lehenengo ikerketa-taldea sortu zuen eta hainbat proiekturen ikertzaile nagusi izan da Euskal Herrian zein nazioartean. Hizlari gisa ere parte hartu du hizkuntzalaritzaren arloko nazioko eta nazioarteko biltzarretan eta, era berean, irakasle izan da hainbat herrialdetako unibertsitateetan.

Epaimahairen ustez, «eredu handia izan da, gazteen artean ere, euskara goreneko maila zientifikoan jarriz, metodologia berriak baliatuz, punta-puntako ikerketekin landuz, egun berebiziko garrantzia duten alorrak jorratuz».

Gogora ekarri dute baita ere Lakaren ibilbidean funtsezko dimentsioa izan dela euskara unibertsitatean eta gizartean sustatzea. Gaur egun Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako buru da EHUko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko Errektoreordetzan. EHUko Euskara Institutuarekin lankidetzan, hizkuntzalaritza-lan klasikoen itzulpena sustatu du.

Zientzia-kulturaren zabalpena

Jardun akademikoarekin eta ikerkuntzakoarekin batera, Lakak zientziaren eta zientzia-kulturaren zabalpenean egindako «lan itzela» ere saritu nahi izan du epaimahaiak: «Elebitasunaren inguruan egon diren mito batzuk ebidentzia zientifikoaren bitartez bertan behera utzi ditu, euskarari ez ezik, hizkuntzalaritzari bere orokortasunean ere, ekarpen nabaria eta agerikoa eginez», ziurtatu dute.

«Hala, Lakaren maila handiko ikerkuntza- eta zabalkunde- jarduerek zalantzarik gabeko balioa dute zientziarentzat, kulturarentzat eta euskal gizartearentzat orokorrean», ondorioztatu dute.