NAIZ

Bilboko Demaio pizzeria munduko 100 onenen zerrendan sartu da

Europako pizzeria onenen zerrendan hamalaugarren postua eskuratu du Bilboko Demaio pizzeriak eta horrela, munduko ehun onenen artean sartzea lortu du. Kantabriako hiru anaiek sortu zuten proiektua 2018an eta urtez urte handitzen joan da.

Pizza baten argazkia, artxiboko irudi batean.
Pizza baten argazkia, artxiboko irudi batean. (Grosso Napoletano | Europa Press)

Bilbon kokatutako Demaio pizzeriak Europako 50 pizzeria onenen artean hamalaugarren postua eskuratu du, eta ondorioz 2025eko munduko 100 pizzeria hoberenen zerrendan sartu da. Irailaren 8an ospatuko da izendatze ekitaldia Napoli hirian.

Napoli on the Road Londreseko pizzeriak eskuratu du Europako onenaren saria, iaz ere berak lortu zuen. Bigarren postuan Madrileko Baldoria geratu da, eta hirugarren postuan berdinketarekin Bartzelonako Sartoria Panatieri eta Vienako Via Toledo.

Europako 50 izendatuak zuzenean sartzen dira munduko 100 onenen sailkapenera, eta iraileko ekitaldian munduko 50 onenen izendapena jasotzeko lehian izango dira.

Bilboko Demaio pizzeriak 2018an ireki zituen ateak, nahiz eta ideia 2012an jada sortzaileen buruetan zebilen. Mattias eta Gioel Damaio anaiek sortu zuten proiektua, kantabriarrak dira, eta beren helburua «pizzeria gourmet» bat sortzea zen, ahal zela Italiako iparraldean.

2013an ordea, Mattiakek Euskal Herria ezagutu zuten eta burutan zuten proiekturako «leku paregabea» zela iritzita, bertan hasi ziren lokal bila pizzeria ezberdinetan esperientzia pilatzen joan ziren bitartean. Iparra argi izan zuten prozesu osoa, «pizza napoletana garaikidea sortzea».

Jader, hirugarren anaia, batu zen proiektura 2019an, «Italiako bi pizza mota desberdinenak eskainiko zituen lekua sortzeaz gain, tradizio handiko jakiak eskainiko zituen leku bakar bat sortzea» asmo hartuta.

Lehen sariak 2022an

2022an lortu zuten lehenengoz Europako top 50ean sartzea, eta bultzada horrekin 2023an bigarren lokal bat ireki zuten, Bilboko Albia lorategien inguruan. 2024an Europako hamalaugarren postua eskuratu zuten, eta azkena, orain, berriro ere 2025eko Europako hamalaugarren postuari eutsita.