CONTENU SPONSORISÉ

Urretxuko Santa Anastasia jaiak eta bere Euskal Jai ospetsua hastear dira

Igande honetan, irailaren 21ean, ospatuko du Urretxuk bere jaietako egun handia, Euskal Jaia. Baina karrozek eta musikak herriko jaiak zeharkatu aurretik, festak ostiral honetan bertan egingo du eztanda, Goierri-Aldapa Saskibaloi taldeko senior mailako neskek pregoia irakurri ostean.

Kuadrilen arteko jokoak, Urretxuko jaietan.
Kuadrilen arteko jokoak, Urretxuko jaietan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Santa Anastasia jaiak ate joka ditu Urretxuk. Ostiral honetan, irailak 19, hasiko dira festak ofizialki, nahiz eta pasa den asteburuan ere ospatu dituzten ekitaldiak, tartean Herri Arteko Folklore Jaialdiaren 36. edizioa. Festak irailaren 22ra arte luzatuko dira.

Datorrenari begira, gostiralean erraldoi topaketa egingo dute 18.00etatik hasita, eta ondoren ibilaldia egingo dute buruhandi, "bandolero" eta trikitilari eta dultzaineroekin batera. Txarangak eta musika bandak kaleak alaituko dituzte 20.30ean txupinazoa botatzen duten arte. Aurten, pregoilariak Goierri-Aldapa Saskibaloi taldeko senior mailako neskak izango dira, EAEko Bigarren Liga Nazional mailara igotzea lortu dutelako.

Irailaren 20an, larunbatean, goizean zehar nekazal giroa nagusituko da herrian abelgorrien erakusketa egongo baita. Egitaraua osatzeko, trikitilari eta bertsolariak, poniak, zezen mekanikoa eta errekortari jokoak izango dira. Eguerdian idi-probak egingo dituzte, baita Aukeran dantza taldearekin ikusizuna ere. Arratsaldean, berriz, xake txapelketa, gastronomia lehiaketa eta sukaldari tailerrak ospatuko dituzte, besteak beste.

Karrozen desfilea

Irailaren 21ean, igandean, ospatuko du Urretxuk bere egun handia. Euskal Jaia dela eta, artisauen erakusketa eta azoka, eta dantzari, musikari eta kuadrilen karrozen desfilea egingo dituzte. Kuadrilek gai bat aukeratu ohi dute euren karrozak apaintzeko, eta arratsaldean onenentzako sariak banatzen dituzte. Egunean zehar kantu poteoa eta bazkari herrikoia ere izango dira.

Haur eta gaztetxoen eguna izango da irailaren 22a, eta haiei eskainitako hainbat ekintza daude aurreikusiak. Hala ere, beste adinek gozatzeko moduko ekintzak ere badaude, batez ere herritarrek denok batera ondo pasatzeko pentsatuak, tartean, "El momentiko" deiturikoa, non Iparragirre bardoa jaio zen etxe aurrean "Zibilak esan naute" abestia kantatzen duten.

Musikari dagokionez, eskualdeko zein kanpoko taldeak arituko dira: Odei, Hip-hop jaialdia, Sin Perdón, Zea Mays, Gozategi eta Dirty Dürüm Brass Band. Horiez gain, txosnetako egitarauan kontzertu ugari programatu dituzte: Brumadensa, Irten-bide, Balantza erromeria, Bad Sound System, DJ Xagardo, Lasko txaranga, Mirotz, Xarma Leone eta Albina Stardust, Odik, DJ Tintz, Little Martin Selekta eta Bide Batez erromeria.

Gaueko autobus zerbitzu berezia izango da irailaren 20an Bergara eta Antzuolara, zein Beasain eta Ordiziara itzuli ahal izateko. Legazpirekin konexioa ere irailak 19 eta 20ko gauean orduroko autobusen bidez bermatuko dute.