
Osakidetzak 3.434 pertsonari diagnostikatu zien depresioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2025ean, aurreko urtean baino %12 gutxiago. Datuek behera egin duen arren, oraindik ere gizartean eragin handia duen gaixotasuna dela ohartarazi du.
Ia 20.000 pertsona bizi dira gaixotasun horrekin. Lurraldeka, 2.288 kasu daude Araban, 10.005 Bizkaian eta 6.622 Gipuzkoan. Kasuen %65 emakumeak dira, batez ere 46 eta 75 urte bitartekoak.
Diagnostikatutako kasuei dagokienez, 2025ean, 3.434 kasu berri diagnostikatu ziren EAEn (391 Araban, 2.035 Bizkaian eta 1.004 Gipuzkoan); 2024an, berriz, 3.898. Kasu berrien %60 baino gehiago emakumeenak izan ziren; horiek ere, 46 eta 75 urte bitarteko adin tartekoak.
Depresioaren Aurkako Munduko Eguna dela eta eman ditu datuok Lakuako Gobernuko Osasun Sailak, eta sintomak antzematearen garrantzia nabarmendu du, baita laguntza eskatzearena ere, sintomak desagertzen ez direnean, osasun-zentroko erreferentziazko osasun-profesionalarekin kontsultatuta.
«Funtsezkoa dugu den-denok ulertzea osasun mentalak duen garrantzia eta horrek gure bizitzetan duen eragina. Depresioa tratatu daiteke, eta laguntza bilatzea bada urrats garrantzitsua. Osakidetzan konpromisoa hartu dugu behar dutenei behar duten laguntza emateko», adierazi du Koldo Berganzok, Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariak.
Depresio terminoaren barruan hainbat nahasmendu mental biltzen dira, hala nola depresio handia, distimia (intentsitate txikiagoko nahasmendua, baina sintoma luzeagoekin) eta beste nahasmendu depresibo batzuk. Oro har, depresioa ohiko buru-nahasmendutzat hartzen da, eta biztanleriaren ehuneko handi bati eragiten dio. Prebalentzia %10 ingurukoa da munduan. Gainera, badago gaixotasun larri bat, nahasmendu bipolarra, zeinetan gaixoek depresio faseak izaten dituzten eta tratamendu espezializatua behar izaten duten.
500.000 kontsulta baino gehiago urtero
Osakidetzan Lehen Mailako Arretaren bidez artatzen dira depresio episodio gehienak (%55 inguru), eta aplikatutako tratamenduari erantzuten ez diotenean, arreta espezializatuaren bidez ere; oro har, osasun mentaleko zentroetan.
EAEko Osasun Mentaleko Sareak 500.000 kontsulta baino gehiago artatzen ditu urtero (120.000 paziente inguru); depresio diagnostikoa dutenak ez ezik, beste patologia batzuk dituztenak ere, hala nola antsietate nahasmendu larriak, nahasmendu psikotikoak, eskizofrenia, nahasmendu bipolarra eta adikzioak, bai helduen artean, bai haurren eta nerabeen artean.
Kasu horiei guztiei behar bezala heltzeko, Osakidetzako osasun mentaleko sarean 1.600 profesionalek egiten dutela lan –bostetik bat, psikiatriako espezialistak–. Osasun Sailak dioenez, EAE «arreta psikiatrikoaren buruan» dago, 15 psikiatra baitaude bertan 100.000 biztanleko; Estatu espainiarreko batez bestekoa, aldiz, 9,27 psikiatrakoa da.

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Osakidetza administró otros dos tipos de vacunas caducadas; la Fiscalía abre diligencias

Sospechan que el videoportero de Amazon, presente en Euskal Herria, pasa datos al ICE
