Ane Alava
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Txurro usainak pizten du sanferminetako egunsentia

Parranda oraindik amaitu ez denean eta entzierroaren zain dauden lehen ikusleak kaleak hartzen hasten direnean, Mañueta kaleko txurrerian bete-betean ari dira lanean eguneko lehen erosleen zain. 

Jende goiztiarrena Mañueta kalean txurroak erosten.
Jende goiztiarrena Mañueta kalean txurroak erosten. (Iñigo Uriz | FOKU)

06:00etan irekitzen ditu Mañueta kaleko txurreriak ateak. Ordurako, pare bat ordu daramatzate lanean bertako langileek. Lehenengo iristen direnak parranda amaitzear duten gazteak izaten dira. Tantaka sartzen dira afari-gosari bila.

«Aquí solo venimos por los churros», erantzuten du barraren bestaldetik langileetako batek. Turista galdu bat edo beste ere hurbiltzen da tradizioa bete nahian, baina informazio faltan dabil. Hotz handirik egiten ez duen arren, sabela gozotzeko txokolatea eta txurroak jateko gogoak bere horretan diraute. Gaur, gainera, gaua arinagoa egin zaie, haizea mugitu baita. Beranduago, eta egunaren arabera, dianetan dantzan ibili diren parrandazaleak iritsiko dira.

Aspaldiko ohitura da Mañuetan txurroak erostea. (Iñigo Uriz | FOKU)
Aspaldiko ohitura da Mañuetan txurroak erostea. (Iñigo Uriz | FOKU)

Entzierroaren aurretik, Iruñea bitan banatzen da ibilbidea ixten doan heinean. Horrek eragina du salmentetan, hala aitortu digute. Gaur goizaldean, La Pamplonesa udal bandaren emanaldia Kale Berrian amaitu da. Lokala zurezko hesien bestaldean dagoenez, ohi baino jende gutxiago dago 07:30ak direnean.

Hara hurbilduta, dianetara, adin guztietako jendea ikus daiteke: batzuk esnatu berriak, beste batzuk oraindik ohera joan nahi ez dutenak. Etxe bateko balkoira emakume heldu bat atera da, eta azken abestietan protagonismoa bereganatu du, dantzan eta muxuka. ‘Bals’-a amaitzean, gazte zein ez hain gazteak inguruko tabernetara joan dira: batzuk entzierroa ikustera, besteak zerbait jatera.

Mañuetara itzulita, korrikalariak eta zezenzaleak hurbiltzen hasi ahala, lehenengo ilarak osatu dira. 08:00ak dira jada. Azkenak iristen, zezen-plazan egon direnak eta gauari lo-ordu batzuk gehiago lapurtu nahi izan dizkiotenak izango dira. Baina 11:00etarako iristen ez direnak hurrengo egunera arte itxaron beharko dute txurroez gozatzeko.