Euskal Herrian bertan dago euskarazko musikak konkistatzeko duen atzerria

Musikaren eta euskararen arteko harremanaz jardun ziren atzo, Udako Ikastaroetan egindako mahai-inguru batean. Maren Berzosa, Jurgi Ekiza, Jon Maia eta Amaia Ispizua aritu ziren solasean eta, beren esperientziatik, euskarak ateak ireki edota itxi dizkien azaldu zuten. 

Atzo Donostiako Miramar jauregian musikari buruz egindako mahai-ingurua.
Atzo Donostiako Miramar jauregian musikari buruz egindako mahai-ingurua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskarak baldintzatu dezake sortzaile baten bidea? Tentazioa al da euskara ez den beste hizkuntza batean kantatzea abestiak toki gehiagotara iristeko? Halako galderak erantzun behar izan zituzten atzo Miramar jauregian egindako EHUko udako ikastaro batean. “Musika euskaraz, nazioarteratzerakoan zer?” izeneko mahai-inguruan hizlari izan ziren Maren Berzosa musikaria, Jurgi Ekiza musikaria, Get In enpresako musika sustatzaile Amaia Ispizua Gisasola, eta Jon Maia Soria bertsolari eta kanta-idazlea, eta saioa gidatzen Arkaitz Villar Baños-Antigua, Musika Bulegoko proiektu eta zerbitzuen teknikaria, aritu zen.

Musikari eta kanta-idazleek hartu zuten hitza lehenik, eta argi adierazi zuten ibilbidea euskaraz egitea berariaz hautatu zutela; Berzosaren kasuan, euskararekin batera gaztelania ere erabiltzea. Euskal Herritik kanpo euskaraz kantatzen dutela esan zuten, eta Berzosak kontatu zuen espainiar Estatuan bere publikoak normaltzat duela euskara entzutea: «Ez dugu errepertorioa aldatzen tokiaren arabera; badakite euskaraz abesten dudala eta gustura hartu ohi dute».

«Gure kasuan Willis Drummond taldearekin toki alternatibo ezberdinetan jo genuen, eta euskara beti onartua izan da, Frantziako Estatuan izan ezik», azaldu zuen Jurgi Ekizak. Japonian ere izan zirela gogoratu zuen, eta bertan euskara oso ondo jaso zutela, haientzat hizkuntza ezberdinak ezagutzea aberasgarria dela esan zietela.

Jon Maiak gehitu zuen azken urteetan euskarazko edukien ikuspuntua aldatu egin dela: «Lehen euskara oztopo bezala sentitzen zen. Kanpoan ibili direnen lanagatik, hori aldatu da». Halere, Euskal Herritik kanpo bere ikuskizuna eman duenetan itzulpen lanak egin izan dituela aitortu zuen: «Gazteleraz hitz egin dut, hala behar bazen momentuan, baina azalpenak emateko. Azalpena ez da soilik informatiboa izaten, hunkigarria izaten saiatzen naiz, kanta uler dezaten».

Hausnarketa horiei Amaia Ispizuak honakoa gehitu zien: euskara pausoak ematen ari da, poliki baina aurrera doa. «Adibide nabarmena da Bruce Springsteenek iaz Donostian emandako kontzertuan eskatu zigula pantaila nagusian euskarazko azpitituluak jartzea; horrek adierazten du geroz eta artista gehiagok hartzen dutela kontuan gure hizkuntza», esan zuen Get In enpresako musika sustatzaileak.

TENTAZIOAK ETA ERRONKAK

Euskal Herriari begiratuta, Jurgi Ekizak aitortu zuen bere ustez Hego Euskal Herriko kulturgileek euskara erabiltzeaz gain gaztelania erabiltzeko tentazio handiagoa izan dezaketela, Ipar Euskal Herrian frantsesa erabiltzekoa baino: «Estatu frantsesak euskara erabiltzen duen orori ateak ixten dizkio, nahiz eta frantsesa ere erabili».

Hala ere, euskal kulturgintzako jende askok euskaraz egitea aukeratzeaz gain, pixkanaka proiektu handiak sortzen hasi direla esan zuen Ispizuak. Horren aurrean, Ekizak esan zuen pozgarria dela euskara horrelako makrokontzertuetan ikustea, baina kezka ere sortzen duela, «talde txikienak non geldituko diren pentsatzean».

Egungo egoera kontuan hartuta, lau hizlariak bat zetozen euskal kulturgintzan sareak eraiki behar direla, eta euskara espazioak irabazten ari den arren oraindik erronkak badirela. «Kanpora asko begiratzen dugu, eta ulergarria da, baina uste dut konkistatzeko atzerri handiena Euskal Herri barruan dagoela», azpimarratu zuen Jon Maiak.