Bidaiari

Hamaika ekitaldi Arabako parke naturaletan

Arabako parke naturaletan hamaika ekitaldi egingo dituzte apirilean eta maiatzean. Egitaraua Gorbeian hasiko da, hilaren 8an, zuhaitz zaharrei buruzko bisita gidatu batekin. 12an eta 13an, berriz, anfibioak izango dira protagonista, gaueko bi bisita gidaturekin.

Gorbeako irudia.
Gorbeako irudia. (Jon HERNAEZ)

Arabako Foru Aldundiko Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko Natura Ondarearen Zerbitzuak askotariko jardueren egitaraua prestatu du lurraldeko parke naturaletan, jendea bertaratzera animatzeko.

Foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez, apirileko agenda Gorbeian hasiko da, hilaren 8an, zuhaitz zaharrei buruzko bisita gidatu batekin, pago eta haritz zaharrenek baso biodibertsitatean duten garrantzia ezagutzeko. Zuhaitz zaharren erakusketa aurkeztuko da, erakusketarekin elkarlanean aritu diren egileen lanen bidez, elementu natural berezi horiek duten garrantzia ezagutzeko. Ondoren, landa-irteera bat egingo da, gertuko zuhaitz zaharrak bisitatzeko, publiko orokorrarentzat eskuragarri daudenak.

Apirilaren 12an eta 13an, berriz, anfibioak izango dira protagonista, gaueko bi bisita gidaturekin. Gorbeiako Parke Naturalean ditugun urlehortar-espezieak ezagutarazteko gaueko jarduera izango da. Lehenik, parketxeko putzua bisitatuko dute bisitariek, eta, ondoren, Marakaldara joango dira. Han, Altubeko aintziretako hezeguneetan bizi diren hainbat espeziez gozatu ahal izango dute. Bi irteera egingo dira, bat euskaraz, ostiralean, eta bestea gaztelaniaz, larunbatean.

Halaber, Izkin ilargi behaketa egingo da apirilaren 13an, eta Aizkorri-Aratzen, berriz, Zalduondoko eta Araiako kultur ondare aberatsa ezagutzeko proposamena izango da egun berean, museo etnografikoaren eta kultu eraikin zaharrenen bidez. Apirila amaitzeko, txalaparta tailer bat egingo da Valderejon hilaren 21ean.

Maiatza, poeten hilabetea

Bestalde, maiatza poeten hilabetea izango da, eta parke naturaletan gaikako jarduerak egingo dira. Maiatzaren 11n, baso bainu poetiko bat egingo da Leze inguruan, eta maiatzaren 18an familiek oso modu dibertigarrian gozatu ahal izango dute poesiaz rally poetiko batekin.

Jarduera guztiak doakoak dira baina beharrezkoa da parke naturalen webguneetan izena ematea: gorbeiaparkea.eus, valderejoparkea.eus, izkiparkea.eus eta aizkorriaratzparkea.eus.