Montehermoso kulturguneko klaustroa, soinu bidaia paregabearen eszenatoki
Gasteizko Montehermoso Kulturguneko klaustroa eszenatoki berezi bihurtuko da urtarrilaren 26tik azaroaren 23ra bitarte, Klaustro Sounds musika zikloa ospatuko baita bertan.

Indartuta itzuliko da Gasteizko Klaustro Sounds musika zikloa, bederatzi kontzertu eskainiko baititu. Besteak beste, Black Duck & Elena Setien, Eneritz Furyak, Amorante & Adriano Galante eta Libe arituko dira urtarriletik azarora.
«Agertoki aparta da, publikoari soinu bidaia paregabea eskainiko diona, espazio berezi honetarako bereziki antolatutako proposamen musikalen bidez», azaldu zuen aurkezpen ekitaldian Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak.
Kontzertuak urtarrilaren 26tik azaroaren 23ra bitarte egingo dira, eta «musika formatu konbentzionalak beste formatu berritzaileago eta esperimentalagoekin bateratzen dituzten soinu esperientziak» izango dira, «artistaren, espazioaren eta publikoaren arteko zuzeneko lotura bermatuko duen giro paregabea sortuz».
Taldeak
Gainera, Klaustro Sounds zikloaren aurtengo eskaintzak «tokiko izaera argia» izango du, Gasteizko, Arabako eta Euskal Herriko bandak eta bakarlariak bilduko dituelako. Urtarrilaren 26an, Black Duck & Elena Setien ariko dira; otsailaren 16an, Eneritz Furyakek ‘HHH’ disko berria aurkeztuko du, eta martxoaren 16an, berriz, Adrian Royo ariko da, ‘Aventura’ lanarekin.
Amorante & Adriano Galanteren ‘ANTE’ proiektua izango da jarraian, martxoaren 30ean, eta apirilaren 13an Lofácil-ek ‘Umbrales’ aurkeztuko du. Bea Asurmendik ‘Asteartea’ bere lehen diskoa aurkeztuko du maiatzaren 18an, eta Javi Free-k ‘Kyoko’ maiatzaren 25ean. Zikloa bukatzeko, irailaren 28an Lohi Ensemble ariko da, eta azaroaren 23an, Libe.
Kontzertu guztiak 19:00etan hasiko dira eta sarrerak Montehermosoko webgunean jarriko dira salgai 5 euroan. Zehazkiago, urtarrilaren 13an, lehen lau kontzertuetarako sarrerak salduko dira (Black Duck & Elena Setien, Eneritz Furyak, Adrian Royo, eta Amorante & Adriano Galante); martxoaren 31n, hurrengo hiru kontzertuetarako sarrerak (Lofácil, Bea Asurmendi eta Javi Free), eta, azkenik, irailaren 1ean jarriko dira salgai azken bi kontzertuetarako sarrerak (Lohi Ensemble eta Libe).