Bidaiari

Aparkalekua egingo da Zumarraundin Azkorri-Aratz parke naturalera heltzeko

Arabako Foru Aldundia Azkorri-Aratz parke naturalera heltzeko aparkaleku bat eraikitzen hasiko da datozen asteetan Zalduondoko Zumarraundin. Lau hilabeteko epean eginda egongo da. Helburua da «aparkalekuak antolatu eta edukiera mugatu ahal izatea, Azkorri-Aratz parke naturalera etortzen den jende kopurua erregulatu ahal izateko».

Aizkorri-Aratza parke naturala.
Aizkorri-Aratza parke naturala. (aizkorriaratzparkea.eus)

Zumarraundi da naturgunera heltzeko abiapuntu nagusia, hala nola Aizkorri eta Aratz gailurretara. Mediterraneoko eta Atlantikoko isurialdeen arteko pasabide naturala den eta Gipuzkoa eta Araba arteko galtzada historikoan dagoen San Adriango tunelerako sarbidea ere bada, eta mugarri garrantzitsua inguru horretatik Ebro ertzeko Briñas herriraino Araba zeharkatzen duen Donejakue Bidearen adarretako batean.

Zumarraundi 100.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute urtean; gehienak mendizaleak dira, baina onddo preziatuen bila doazen mikologiazaleak ere badira.

Naturguneen kontserbazioa eta babesa

Saray Zarate Arabako Aldundiko Ekonomia Garapen eta Jasangarritasuneko foru diputatuak adierazi duenez, aparkalekuaren «helburua da aparkalekuak antolatu eta edukiera mugatu ahal izatea, Azkorri-Aratz parke naturalera etortzen den jende kopurua erregulatu ahal izateko, horrek naturguneen kontserbazioa eta babesa hobetzea ekarriko duelako, ingurune natural hori bisitatzera hurbiltzen direnen erabilerarekin eta gozamenarekin bateragarria izan dadin».

Aparkalekuaren proiektuak ‘Las petroleras’ plataforma zaharraren aparkatzeko eremua egokitzea ekarriko du. XX. mendearen erdialdean Araban egin ziren petrolio prospekzioetako bat kokatu zen gune horretan eta horregatik du izen hori. Egitura haien aztarnak daude oraindik leku horretan, eta proiektuak haien balio nabarmenduko du.

Proiektua Arabako Parke Naturalei buruzko Helmugako Turismo Jasangarritasuneko Planaren barruan dago, eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren finantzaketa jasoko du, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.