Bidaiari

Leioa, aire libreko agertoki erraldoi umoretsua

Urtero bezala (eta dagoeneko 25 dira), Leioa aire libreko agertoki erraldoi bihurtuko da, Umore Azokari esker. Berriz ere, herriko kaleak umorez bustiko dira, maiatzaren 15etik 18ra. Guztira, 50 konpainia arituko dira eta 27 estreinaldi eskainiko dira. Beraz, aitzakia ezinhobea da Bizkaiko herria bisitatzeko.

Aurtego kartela.
Aurtego kartela. (Umorezoka)

Leioako Umore Azokak euskal sorkuntzarekin duen konpromisoa berretsi du 25. edizioan, eta aukeratu diren 50 konpainietatik 22 dira Euskal Autonomia Erkidegokoak, «lurraldeko talentua bultzatzeko eta ikusarazteko apustua sendotuz».

Leioako Udaletik adierazi dutenez, maiatzaren 15etik 18ra, herria aire libreko agertoki erraldoi bihurtuko da aurten ere, antzerkia, dantza, zirkua eta zuzeneko musika uztartzen dituzten emanaldiekin.

Egitarauak 100 ikuskizun baino gehiago eskainiko ditu, 300dik gora profesional, publiko guztientzako proposamen eta formatu askotarikoekin. Guztira, erabateko 27 estreinaldi, EAE mailako 18 eta Umore Azokako edizio honetarako propio sortutako bi lan izango dira, «jaialdia proposamen berritzaileen erakusleiho bihurtuz, eta horietako asko euskal konpainiek sinatuak».

Bertako proposamen aipagarrienen artean daude Janire Etxaberen ‘Atxine’, espazio bertikala eraldatzen duen dantza esekiko pieza; Trapu Zaharra taldearen ‘¡La última y nos vamos!’ komedia berria eta azokari zuzeneko musika gehituko dion Mattalingo Alabak taldea.

Tokiko eszenaren bizitasuna eta aniztasuna

«Euskal presentziak parte hartzaileen ia erdia ordezkatzen du aurten, tokiko eszenaren bizitasuna eta aniztasuna nabarmenduz. Hasieratik, Umore Azoka erreferente izan da Euskal Herriko sektorearentzat eta euskal konpainien nazioartekotzearen bultzatzaile», nabarmendu dute.

Umore Azoka 28 eszenatoki eta hiru ibilbidetan garatuko da Leioako erdigunean zehar; Udondoko bulebarra eta Plaza Gorria gehitu dira aurten agertokietara, «programazioa ohikoak ez diren guneetara zabaltzeko eta publikoaren ibilbidea aberasteko». Gainera, San Juan Bautista plaza eta Euskal Etxeen plaza berreskuratuko dira.