Oiz, Deiadar Mendien Egunaren eszenatoki

Bizkaiko Batzar Nagusietarako deia gogoratzeko Deiadar Mendien Egunaren 20. edizioa ospatuko da ekainaren 8an Oizen, Garai herria irteera zein helmuga izango duen mendi martxa zirkular batekin, foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

Oiz mendia.
Oiz mendia. (Endika Larrazabal Escuza | Getty Images)

Bizkaiko Batzar Nagusietarako dei tradizionala Durangaldera bueltatuko da –Oizera egindako azken igoera 2018an izan zan–, azken urteetan beste lau deiadar tontorretara egin diren igoeren ondoren (Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube).

Bizkaiko Batzar Nagusiek lurraldeko bost mendi talderekin lankidetzan antolatzen dute ekimena: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango).

Bada, aurtengo martxak ibilbide bakarra izango du eta Garaiko erdialdetik abiatuko da 09:00etan. Alpino Tabira taldeak ibilbide zirkularra antolatu du, «iparraldetik Kantauri itsasora eta hegoaldetik Bizkaiko barrualdera begiratzen duen talaiaren inguruak ezkutatzen dituen paisaia ederrak ezagutzeko».

Lehenengo edizioko adarra

2004an Deiadar Mendien lehenengo ediziorako berariaz egindako adarra erabiliko da berriro, eta 12:00etan Oiz mendiaren tontorrean adarren soinua entzun eta gero, antolatzaileek jaigune txiki bat prestatu dute tontorretik gertu dagoan baseliza batean. Ez dira faltako musika eta mokadu txiki bat.

Protokolozko ekitaldian, Durangoko Alpino Tabira mendi taldeak Ganekogorta mendirako igoera antolatu behar duen Gailurra klubeko ordezkariari emango dio lekukoa. Igoera hori 2025erako aurreikusita dago, egun bererako, deiadar mendietarako igoeren zikloarekin jarraituz.