Zalduondoko museo etnografikoa, historia eta kultura ardatz
Anitza eta interesgarria da Zalduondoko museo etnografikoak bisitariari eskaintzen dion edukia, eskualdeko historiaren, geografiaren, etnografikoaren, folklorearen eta artearen askotariko ikuspegiak islatzen baititu.

Lazarraga-Amezaga jauregiak, Arabako Zalduondo herrian kokatutakoak, erakargarria izateko bi arrazoi ditu. Horixe dio, behintzat, Arabako Diputazioak. Eta banan-banan zehazten ditu aipatu arrazoiak bere webgunean.
Lehenengoa «bistakoa da», dio, «XVI. mendeko Errenazimentuko jauregi bat baita, estilo platereskoko portada interesgarria, albo banatan zutabe jonikoko bi pare dituena, frontoi batez errematatutako ezkutu heraldikoa duen idulkiaren gainean». Ezkutu bikain hori, aldi berean, gorputz osoko bi eskultura antropomorfikok babesten dute. Beraz, kanpoko itxura da bisitariaren lehen arreta erakarrriko duena.
Bigarren arrazoia, berriz, ez omen da «hain bistakoa…», atea igaro eta barrura sartu behar baita. Eraikuntza horrek Zalduondoko museoa hartzen du barne eta «museoak zenbait objektu eta elementuren bidez agerian jarri ditu euskal Done Jakue bidean leku bat okupatzeagatik Behe Erdi Arotik onura izan zuten biztanleria batekin eta horren ingurunearekin zerikusia duten alderdi historikoak».
Hainbat mendetako historia eta kultura
Anitza da erakusgai dagoen edukia, eskualdeko historiaren, geografiaren, etnografikoaren, folklorearen eta artearen askotariko ikuspegiak islatzen dituena. Gainera, azken atal honek jauregian zeuden lehengo horma pinturak barne hartzen ditu, baita garaikideagoak diren pintura eta eskulturaren inguruko beste manifestazio batzuk ere. Beraz, esan daiteke hainbat mendetako historia, kultura eta arte proposamenak ikusiko dituela bisitariak.
Halaber, Done Jakue bideari lotutako mapak, planoak eta ilustrazioak ikusi ahal izango ditu bertaratzen denak, garai desberdinetako oroitarri eta hilarriak biltzen dituzten erlijiozko artearen funtsekin batera. Horrez gain, bertako biztanleen ohiturak eta etxeko zein laneko espazioak ezagutuko ditu, eta baita inauteri ospetsuen txotxongiloak eta pertsonaiak zein zeramika eta artisautzako pieza bikainak ere.