Bidaiari

Gasteiz, miniaturazko sukaldaritzaren zaleen topaleku gustagarria

Miniature Pintxos Congress miniaturazko sukaldaritzaren topaketaren 12. edizioa egingo da Gasteizen irailaren 28tik urriaren 1era bitartean, gastronomiaren profesionalei, herritarrei eta pintxoen zaleei zuzendutako programa anitzarekin. Lehiaketa profesionalekin batera, proposamen eta jarduera herrikoiak egingo dira, hala nola Miniature Kids, Pintxo Fest eta esperientzia afariak.

Pintxo bat.
Pintxo bat. (Ana Iacob | Getty Images)

Sukaldaritza foroaren ardatza Estatu mailako taldekako pintxo txapelketa izango da: autonomia erkidegoak ordezkatzen dituzten hiruna sukaldariko taldeak lehiatuko dira nor bere sukaldaritza sorkuntzekin. Taldeek hiriko hainbat establezimendutako afari publikoetan erakutsiko dituzte proposamenak, eta finala urriaren 1ean izango da, Abastos Merkatuan. Miniature Pintxos Congress miniaturazko sukaldaritzaren topaketak 1.100 pertsona inguru bilduko dituela iragarri dute antolatzaileek.

Lehiaketa horrekin batera, programa profesionalean daude Euskadiko III. Gilda Innova Txapelketa, Pintxo Gozoaren Espainiako I. Txapelketa eta eta ‘Tenerife, paisaiak platerean’ izeneko I. Lehiaketa.

Herri programak hiru jarduera nagusi ditu. Alde batetik, Miniature Pintxo Fest pintxo barra handia irailaren 28 irekiko da, 12:00etatik 16:00etara, Abastos Merkatuan, animazioarekin, musikarekin eta tokiko taberna eta jatetxeetako pintxorik onenekin.

Tailer interaktiboak

Egun eta leku berean, 18:00etatik aurrera, Miniature Kids egingo da, bereziki familiako txikienentzat pentsatutako sukaldaritza proposamena. Tailer interaktiboen bidez, haurrek modu dibertigarri eta sortzailean ezagutuko dute sukaldaritzaren mundua, eta errezetak prestatzen eta elikadura osasungarriaren oinarriak ezagutzen ikasiko dute, beren sorkuntzak probatzeko eta partekatzeko aukeraz gozatzen duten bitartean.

Azkenik, irailaren 30ean, gastronomia maite duten pertsonek esperientzia afari apartaz gozatzeko aukera izango dute, pintxoen txapelketan parte hartuko duten talde autonomikoek miniaturako goi sukaldaritzako sorkuntzarik onenak aurkeztuko baitituzte Gasteizko zenbait jatetxetan eta Abastos Merkatuan.

Miniature Pintxos Congress urriaren 1eko amaiera afariarekin bukatuko da. Hilario Arbelaitz eta Arbelaitz familia osoa aintzatetsi eta omenduko dituzte bertan, Oiartzungo (Gipuzkoa) Zuberoa jatetxean egindako ibilbideagatik, bai eta New Yorkeko Txikito jatetxeko Eder Montero eta Alexandra Raij ere, euskal gastronomiarik onena AEBetako hirian zabaltzeagatik.