‘Dear New York’, herritarren argazkiak New Yorkeko Grand Central geltokian
New Yorkeko Grand Central geltokiak, zeinetik milioika pertsona igarotzen diren egunero, markesinetako publizitatea herritarren argazkiengatik aldatu du. Aldi baterako izango da, omenaldi gisa zabaldutako ‘Dear New York’ erakusketak zabalik iraun bitartean.

‘Dear New York’ izeneko erakusketa ‘Humans of New York’ argazki-proiektu ezagunaren Brandon Stanton sortzaileak bultzatu du. Sare sozialetan milioika jarraitzaile ditu, erretratuak lehen pertsonako kontakizunekin batera erakusteko formula sinple baina indartsuari esker.
Aldaketa Manhattango eraikin historikoan sartu bezain laster ikusten da. Bertan ohikoa da jendearen joan-etorri kaotikoa. Orain, zutabe bakoitzean dauden aurpegiek erakartzen dituzte: gazteak edo zaharrak, irribarretsu edo serio, bakarrik edo maite duten norbaitekin.
Erretratatuetako batzuk hiriko aspaldiko ezagunak dira, hala nola Julio César Díaz kale-artista kolonbiarra, metroan Catrina mexikar batekin irribarretsu dantzan ari dena lorez jositako burezurrarekin.
Esaldiekin
Ezkaratz monumentalean, urrezko konstelazioz zipriztindutako ganga turkesarekin, erretratu izugarriak proiektatzen dira esaldiren bat lagun dutela, hala nola begirada urdineko neska batena, «Nire familiarekin hitz egiten hasi nahi dut» dioena.
Irteeretako batean, gainera, Stantonek bi erakusketa jarri ditu: bata, eskola publikoko ikasleena, bizitzan garrantzitsuak izan diren pertsonen argazkiak atera dituztenak, kasu askotan familiakoak edo mentoreak; eta bestea, berriz, hiriko argazkilari profesionalena, komunitateetako bizitza dokumentatzen dutenak.
Argazkilari horietako bat Sara Bennett da. Delitu larriengatik kondenatutako preso zaharren erretratu batzuk ditu erakusgai, eta orain haien bizitzetan izandako aldaketaz eta askatasunaz hitz egiten dute eskuz idatzitako ohar txikietan.
41 urteko argazkilariak Instagrameko argitalpen batean azaldu zuenez, ehun urteko Grand Central eraldatzen duen erakusketa «hiriari zuzendutako maitasun-gutun» bat da.
‘Humans of New York’ egitasmoak mugak gainditu ditu, 30 milioi jarraitzaile inguru ditu Stantonek argitaratutako argazki eta testuei lotuta. Dirudienez, Stantonek gaitasun berezia du pertsonak entzuteko eta haien alderik ahulena eta sekretuak azaleratzeko.
‘Humans of New York’ lanean azaldutako istorioetako batzuk hain ziren mamitsuak, non Stantonek argazki-sailetan banatu zituen milaka pertsonaren atentzioa erakarriz. Biralak egin ziren eta liburu autobiografikoei bide eman zieten, hala nola Bobby Love iheslariarena edo Tanqueray dantzari exotikoarena.