Valderejo parke naturalak ‘Starlight’ ziurtagiria lortu du
Valderejo Parke Naturalak, Arabako Añanako eskualdean, ‘Starlight’ ziurtagiria lortu du. Gaueko zeruaren kalitatea eta lurraldeak argi-kutsaduratik eta hedapen astronomikotik babesteko duen konpromisoa egiaztatzen duen nazioarteko aitorpena da.

Starlight Fundazioak emandako sariak zerua baliabide zientifiko, natural eta turistiko gisa behatzea sustatzen duten espazioen nazioarteko sarearen barruan kokatzen du Valderejo, proiektuaren erakunde bultzatzaileek jakinarazi dutenez.
Lorpen hori Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planari esker lortu da, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, NextGenerationEU Europar Batasunak finantzatua.
Valderejo Parke Naturala Arabako mendebaldean dago. 3.000 hektareatik gorako azalera du mendi, haran eta baso autoktonoetan, populazio-dentsitate txikia du eta argiztapen artifizial gutxi. Baldintza horiek zeru ilun eta garbiez gozatzeko aukera paregabea eskainzten dute, behaketa astronomikorako eta ingurumen-sentsibilizaziorako egokiak.
Ziurtagiri berria Santa Katalinako Lorategi Botanikoak lortutakoari gehitu behar zaio, ‘Helmuga Starlight’ gisa ere egiaztatua. Izan ere, Añana behaketa astronomikorako baldintzarik onenak dituen Euskal Herriko eskualdeetako bat da.
Izkiko parke naturala bezala
Irailean, Izkiko parke naturalak ere ‘Starlight Helmuga’ ziurtagiria lortu zuen, zeru izartuak ikusteko dituen aparteko ezaugarriengatik, Arabako parkeak zeruaren kalitatea eta babesa bermatzeko bitartekoak dituela egiaztatuz.
Albistea argitaratu zenean, Arabako Foru Aldundiiak esan zuen ‘Starlight’ helmugak bisitatzeko moduko lekuak direla, kutsaduratik babestuta daudelako eta ezaugarri ezin hobeak dituztelako. «Izkiko parke naturalak –azpimarratu zuen– erakargarriago egiten ditu bertako paisaia eta biodibertsitate bikainak, eta ikuspegi berri bat gehitzen dio bere hezkuntza eta turismo eskaintzari, bere gaueko zerua estandarte berri gisa hartuta».